EH Bilduk Merlin Properties Arasurren eraikitzen ari den edo Solariak proiektatzen duen datu zentroen hedapena geldiaraztea eskatu du. Izan ere, bi proiektuek, 825MW-ko guztizko ahalmenarekin, Araba osoko urteko kontsumo elektrikoa bikoiztuko lukete, Arabako lurraldeak kontsumitzen duen energiaren ekoizpenaren % 10era iristen ez denean.
Horregatik guztiagatik, Arabako erakundeetan erregistratu den ekimenean, hipereskalako datu-zentro horiek baztertzen dira eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio zentro horien garapena muga dezala eta neurriak har ditzala datu-zentroen garapen orekatua gauzatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio neurriak har ditzan gure lurraldean ezar daitezkeen energia berriztagarria ekoizteko egitasmoek hipereskalako datu zentroak elektrikoki elikatu ez ditzaten.
Zentzu horretan, horietako baten sustatzailea Solaria dela eta Eusko Jaurlaritzak Indarberri sozietatearen bitartez sinadurarekin elkarlanean diharduela ikusita, hipereskalako datu-zentroetako elektrizitatea elikatzeko proiektuetatik kanpo uzteko eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari.
Gaur egun, Arasur "Bilbao-Arasur Data Center Campus" delakoaren lehen fasean dago, Merlin Propertiesek eta Edge Energyk sustatua. 300 MW-ko gaitasuna izango luke, Estatu mailako handiena litzateke eta 60 mila metro karratuko lurzoru industriala okupatuko lituzke. Datu zentro honek, errendimendu osoan funtzionatuz, urtean 2.628 GWh-ko energia kontsumoa izango luke, Araba osoko gaur egungo urteko argindar kontsumoa bezalakoa. Jakina da Merlin Properties enpresak sustatutako datu zentroak, besteak beste, Mark Zukergerg-en Meta enpresari emango diola zerbitzua %75 batean, kolonialismo teknologikoaren oinarri argia da.
Bitartean, Solariaren asmoak ere argitzen doaz; Arabako lurretan eraiki asmo dituzten hamarnaka egitasmo energetikoak ez doaz bertako energia beharrizanak asetzera, helburu nagusia elektrizitate merkea ekoiztea da bere datu zentroak elikatu ahal izateko. EH Bilduren iritziz, "inbertsio horiek ez diete gure herriaren beharrei erantzuten, eta gure industriaren aurkako lehia zuzena dira, are gehiago zailtzen baitute trantsizio energetikoa eta gure enpresek egin beharreko sistema produktiboen deskarbonizazioa". Horrela jasotzen da datozen asteotan arabako erakundeetan eztabaidatuko den ekimenean.