AKTUALITATEA


| 2023-05-07 14:10:00

Eva Lopez de Arroyabe Arabako Diputatu Nagusirako hautagaiak gogorarazi du datorren maiatzaren 28an asko dugula jokoan, eta berretsi du ezer ez dagoela idatzita eta inon ez dagoela ezarrita gauzek beti berdin jarraitzea. “Kaletik eta oposiziotik gauza handiak lortu baditugu, pentsa zer egin dezakegun kaletik eta gobernuetatik, pentsa noraino eraman dezakegun eskualdea. Noraino herrialda? Hori da erronka. Horixe dugu jokoan. Arabako Foru Aldundia, bere hiriburua, Gasteiz, Laudio, Amurrio, Agurain plaza handienak lehiatzen ari gara. Ezer ez dago idatzita. Inon ez dago ezarrita gauzek beti berdin jarraitzea. Are gehiago, gauzek ezin dute berdin jarraitu. Herrialdeak lidergo berriak, gehiengo berriak eta soluzio berriak behar ditu garai berriei aurre egiteko”, nabarmendu du Lopez de Arroyabek.

Arabako ahaldun nagusigaiak Jon Berganza buru duen Amurrioko alkategaiaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok. Ekitaldian, Lopez de Arroyabek erabaki ausartak eskatu ditu, eta “inor atzean utziko ez duen gizarte baten alde egin du; alokairua eta berogailuaren artean aukeratzera behartuko ez duen gizarte baten alde; egunero 8 orduko lan eginda pobreziara kondenatuko ez gaituen gizarte baten alde, gaixo gaudenean garaiz eta behar bezala artatuko gaituena, bizi-proiektu bat garatzeko bizileku duina prezio duinean eskainiko duena. Horrek mugiarazten gaitu. Horiek dira gure interes ilunak”.

“Gure eskaintza gaindiezina da, gure proiektua, onena, eta ziur gaude maiatzaren 28an hori agerian geratuko dela. Baita Amurrion ere. Amurrioko plaza berreskuratuko dugu, ez izan zalantzarik”, gaineratu du.

Bestalde, Jon Berganza Amurrioko alkategaiak EH Bilduren gaitasunari balioa eman dio, zerrendak osatzen dituztenen ausardia eta konpromisoa nabarmendu ditu, eta EH Bildu herrialdeko lehen udal indarra dela gogoratu du. “Badugu esperientzia eta talde bat, udalak kalearen ahalik eta antzik handiena izan dezan. Amurrio bere Udala baino feministagoa, ekologistagoa, justuagoa eta solidarioagoa da, euskaldunagoa ere bada. Gobernu taldeak herritarren eskaerei erantzun nahi ez dienean herritarren parte-hartzeari ixten zaizkion ateak baino askoz irekiagoa da”, zehaztu du.