AKTUALITATEA


| 2019-10-10 12:24:00

Madrilgo Gobernuaren aurreikuspen ezagatik Garoñako hondakin erradioaktiboak bertan biltegiratuko direla hamarraldi luzeetan ohartarazi du EH Bilduk gaur eguerdian. Iñaki Ruiz de Pinedo eta Mikel Oteroren eskutik heldu da salaketa Gasteizen egin duten agerraldi batean. “Duela ia zazpi urte erreaktore gelditu zuten behin behineko eta orduz geroztik etengabeko lardaskeria batean bizi gara. Madrilgo Gobernuaren aurreikuspen eta plangintza ezak eta jarduneko gobernua izateak ekarriko du aurreikusten zen denboraldiko biltegiaren tamaina berraztertzea eta hondakin erradiaktiboak urte luzez bertan egotea”; salatu du Madrilgo Kongresuan EH Bilduko ordezkaria Iñaki Ruiz de Pinedok.

                                                                                                                                        

EH Bilduk azaldu duen bezala, kasurik onenean eraispena ez da amaitu 2032. Urtera arte. Bitartean, egungo denboraldiko biltegia berridimentsionatu nahi dute eta zentralean bertan bost edukiontzi egon beharrean, 44 egongo dira. “Hau da, funtzionamenduan egon den bitartean sortu duen zabor nuklear ia guztia, tartean 2.500 osagai nuklearrak eta horietako asko maila handiko erradioaktiboak, bertan geldituko dira ez dakigu zenbat hamarkadetan”, zehaztu du.

 

EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu du Madrilgo Gobernua Europako zentral nuklear zaharkituena eraisteko prozesua serioz ez duelako hartu eta hondakin nuklearrak kudeatzeko planik ez duelako. “Hondakinen kudeaketaren azken zatia, hau da, sakoneko bilketa geologikoa ez dute oraindik diseinatu eta, ondorioz, denboraldiko bilketa 50 urte edo gehiago luza daiteke”, aipatu du.

Horrez gain, hondakinen kudeatzailea ofiziala, hau da ENRESA enpresa publikoak ez du funts nahikorik hondakin nuklearren babeste eta neutralizatzeko prozesu osoari aurre egiteko. “Hau da, dirudienez, berriz ere herritarrak atera beharko dira hondamen nuklearra erreskatatzera batzuk negozio handia egin ostean ziklo nuklear osoa bere gain hartu ez dutelako”, salatu du.  

 

Oterok Urkulluren Gobernuari luzatu dizkio Madrilgo Gobernuari “kritika edo exijentzia izpirik ere” ez diolako antzeman. “Gure ustez, Lakuako Gobernuaren ardura ere bada eraispena ahalik eta azkarren burutzea, berme guztiekin egin dadila eta batez ere, Garoña ez bihurtzea hilerri nuklear urte luzez. Eremu horretarako ekonomia berraktibatzeko plana exijitzen dugu, ez inguruko herritarrak arriskuan sartzen dituen hilerri nuklearra”, gaineratu du.

 

Egoera honen aurrean, EH Bilduk proposamen bat aurkeztuko du hainbat insituzioetan eskatuz hondakinen denboraldiko biltegiareren aurka jarrera argi bat, hondakin nuklearrak kudeatzeko behin betiko soluzio bat eta zentralaren eraispenerako jarraipen mahaia osatzea, inguruko herriei informazio eguneratua helarazteko asmoz eta eraispen hori modu zuzen eta azkar batean egiten dela zaintzeko.