AKTUALITATEA


| 2020-02-28 08:42:00

EH Bilduk kezka handiz ikusten du Arabako landa-ingurunea jasaten ari den  egiturazko krisi luzea, eta ondorioz lurraldea bideraezin bihurtzeko mehatxua egon badagoela, sozialki, ekonomikoki eta demografikoki. Horregatik, neurriak hartzea premiazkoa dela uste du, baita ahalegin horretan erakunde guztiak inplikatzea ere. Helburu horrekin, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du datozen asteotan Arabako udalerri guztietan. Mozio horretan, Arabako Foru Aldundiari eskatzen zaio lehentasuna eman diezaiola Arabako landa-eremua eta bertako biztanleria mantentzeko eta indartzeko beharrezkoak diren ekintzak egiteari.

Javier Argote Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren prokuradoreak nabarmendu duenez, "lurralde oreka eta kohesioa lortzeko, beharrezkoa da erakundeak inplikatzea, baina baita, ekintza eta politika egokien bidez, herritar guztiak konbentzitzea ere". Hori dela eta, EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da landa-eremuari lotutako gizarte, kultura eta ingurumen-balioak bistaratzea.

Bultzatu beharreko esparruen artean, bederatzi arlo nabarmendu ditu EH Bilduk; besteak beste, teknologia, zerbitzu publikoak, azpiegiturak edota jarduera ekonomikoa eta enplegu iraunkorra. Baina EH Bilduk ere ulertzen du zerga-politikatik urratsak egin behar direla, eta egungo etxebizitza parkea berritzeko aukera emango duen etxebizitza politika berri bat bultzatu behar dela. Nola ez, toki erakundeen finantza nahikotasunak eta toki erakundeetaik eman behar diren zerbitzuen eskumenekiko errespetuak izan behar dute beste ardatz estrategiko bat, EH Bilduren ustez.

Azkenik, landa kultura eta nortasuna defendatzeko beharra azpimarratu du EH Bilduk. "Irtenbideak landa munduaren errealitatera egokituta hartu behar dira, eta ez soilik hiriko sozioekonomiaren irudira", ohartarazi du Argotek.