AKTUALITATEA


| 2022-12-20 10:47:00

Araba. 2022-012-20 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Lakuako eta Abetxukoko egoitzetako kontratuak «diru-kutxa publikoentzako kalte larria» direla salatu du.

Azken egunetan argitaratutako albisteen harira, Luis Salgado EH Bilduko batzarkideak egoitza horien eraikuntzaren eta mantentzearen gainkostua salatu du, Aldundiak 2009an eta 2010ean enpresa banari esleitu baitzizkien 40 urterako. «Gutxi gorabehera 70 milioi euro inguruko gainkostuaz ari gara. Hau da, xahutzen ari den diruarekin, Aldundiak beste bi egoitza funtzionamenduan jar zitzakeen, aipatutakoen ezaugarri berekoak», salatu du Salgadok. Aldundiak gero eta kanon handiagoa ordaindu du 40 urtez adinekoentzako bi zentrorengatik, eta hamarkada batean 31 milioi euro ordaindu dizkio, nahiz eta EAJk bere garaian agindu zuen eredu horrek faktura urtean 1.800 euro baino ez zuela handituko.

Kostu horien aurrean, Salgadok galdera bota du: «Nola da posible urtero 2,3 milioi ordaintzen aritzea Zadorra egoitza eraiki eta mantentzeagatik?», kontuan hartuta Aldundiak 200.000 euro baino ez dituela ematen urtean sare publikoko gainerako egoitzetarako.

Salgadok iragarri du EH Bilduk, interpelazio baten bidez, beharrezko azalpen guztiak eskatuko dituela, eta, era berean, Aldundiari exijituko diola Lakua eta Zadorra egoitzetako kontratuen itzulketa-klausulak gauzatzea, Aldundiaren jabetza esklusiboa izan daitezen.

Pribatizazio-prozesua

Arabako adinekoentzako egoitza-plazen kopurua minimoen azpitik dagoenean gertatzen ari da egoera hori. Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkideak egoeraren errepasoa egin du, eta nabarmendu du dauden 3.774 plazetatik % 14 baino ez direla publikoak, % 24 itunpekoak direla, eta plazen % 65 pribatuak direla, hau da, hamar plazatik ia zazpi pribatuak direla Araban. Horri lurralde-desoreka larria gehitu behar zaio, Gorbeialdean eta Añanan ez baitago egoitza publikorik, baita egoitza-plaza batera sartzeko itxaron-zerrenda luzea ere. «Pribatizazio prozesu nabarmen, garratz eta onartezin baten aurrean gaude», adierazi du Lopez de Arroyabek.

Ez da lehen aldia EH Bilduk mahai gainean jartzen duena plaza publikoak sortzeko premia, Foru Aldundiak hamarkadak eman baititu egoitza-plaza publiko bakar bat ere sortu gabe. Aldundiak erabilitako argudioa ekonomikoa izan da beti. «Egoitza publiko bat mantentzea garestia dela esaten zaigu. Bada, ikusi dugu azken esperimentuak garesti atera zaizkigula», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.