AKTUALITATEA


| 2026-05-14 11:02:00

Eva Lopez de Arroyabe: "Argi dago Ramiro Gonzalezen hitzak eta sinadurak gaur egun ez dutela inolako baliorik"

Araba. 2026-05-14. EH Bilduk ohartarazi du 2019-2023 legegintzaldiak Kontzejuen Foru Arau berririk gabe amai daitekeela, Foru Gobernuak emandako aldaketaren ostean. Izan ere, nahiz eta 2025etik EH Bildurekin sinatutako akordio batek araudia onartzea ahalbidetuko lukeen, EAJk eta PSEk PPren proposamena babestea erabaki dute, ponentzia berri bat martxan jartzeko. Legegintzaldi honetan, bigarren ponentzia litzateke kontzejuei buruzko foru araua aldatzeko.

Ramiro Gonzalezek eta Eva Lopez de Arroyabek 2025eko ekainean sinatutako 42 orrialdeko dokumentua ezagutzera eman du gaur EH Bilduk. Dokumentu horren izenburua da “EH Bilduko Batzarkide Taldearen eta Arabako Foru Gobernuaren arteko akordioa Arabako Lurralde Historikoko kontzejuen Foru Araua onartzeko”. Akordio horren arabera, Foru Gobernuak 2025ean izapidetu behar zuen arau hori. Hori egin beharrean, PPk ponentzia berri bat sortzeko egindako proposamena babestu nahi du.

"Argi dago Ramiro Gonzalezen hitzak eta sinadurak gaur egun ez dutela inolako baliorik. Argi dago Foru Gobernua ez dela fidatzekoa eta sistematikoki bere akordioak betetzen ez dituela", adierazi du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak.

EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, "burugabekeria horren guztiaren paganoak eta bahituak" Arabako 332 kontzejuak dira. "Arabako Foru Gobernuak bere konpromisoa bete izan balu, gaur egun bere funtzionamendua arautuko duen foru arau bat izango genukeen, 90ko hamarkadakoa den eta, logikoa denez, XXI. mendeko errealitateari erantzuten ez dion araudi bat ordezkatuko lukeena. Bigarren ponentzia honen eraketak, epeak era antzuan luzatzen ditu. Are gehiago, arriskuan jartzen du legegintzaldi hau amaitu baino lehen onartzea ere", gaineratu du Lopez de Arroyabek.

Era berean, EH Bilduk nabarmendu du beste behin ere interes alderdikoiek eta lurraldetik kanpo hartutako erabakiek Arabari kalte egiten diotela. "EAJk erabaki du EH Bildurekin lortutako eta sinatutako akordio bat baliogabetzea, Alderdi Popularrari ateak parez pare irekitzeko. Alderdi Popularrari lurralde honetako politikak baldintzatzen uztea gure lurraldearen ongizatearen etorkizuna arriskuan jartzen duen erabaki arduragabea da", esan du Lopez de Arroyabek.

EH Bilduk akordioa balioan jarriko duela iragarri du, akordio "ona" delako, eta beraz, ponentzia berriro osatzearen kontra bozkatuko du. Izan ere, gehitutako hobekuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: dira kontzeju-erroldan sartu ahal izatea, hautetsiek prestakuntza jasotzea, kontzejuei zerbitzua emateko administrazioko langileak izatea, barne-gatazkak konpontzeko organo berritzaile bat sortzea eta kontzejuentzako izapideen kudeaketa erraztuko duen leihatila bakarra sortzea. Bestelako hobekuntzak sartu dira, hala nola bilkura-deialdietan, fede-emailearen figuran edo beren eginkizunak betetzeko hautetsiek lanpostuetatik alde egin behar dutela aitortzean.

"Orain, linbo batean geratzen da hori guztia, eta, lehen esan bezala, legegintzaldi hau amaitu baino lehen araua ez onartzeko arriskua dugu. Beste legegintzaldi bat, enegarrena, zuriz Arabako kontzejuentzat", amaitu du EH Bilduko bozeramaileak.