AKTUALITATEA


| 2024-05-15 09:55:00

Gehieneko igoera aplikatzea adostu dute 3. gradurako, eta modu proportzionalean beheragoko graduetan, 2024ko uztailetik aurrera

Araba. 2024-05-15 | Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute gaur, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (LPE) lanbide arteko gutxieneko soldatarekin (LGS) parekatzeko.

Mozioa EH Bilduk urtarrilean aurkeztutako antzeko batean oinarritzen da, EH Bildu, EAJ, PSE eta PP alderdiek adostu dute, eta Elkarrekin Arabaren babesarekin atera da aurrera.

Hala, gaur onartutako mozioaren arabera, Batzar Nagusiek Arabako Foru Aldundiari eskatu diote LPEen zenbatekoak ia % 20 igotzeko; hala, 3. graduko LPEak, adibidez, 950 eurotik 1.134 eurora igaroko lirateke. Igoera hori proportzionalki aplikatuko litzateke 1. eta 2. graduetan, 2024ko uztailaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta, esan bezala, ia % 20ko igoera izango da.

Claudia Venceslao EH Bildu Arabako batzarkideak gogora ekarri duenez, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren eginkizun nagusia da mendekotasuna duten pertsonen autonomia sustatzea. Horren helburua, beraz, laguntza pertsonala kontratatzen laguntzea da, onuradunari hezkuntza eta lana eskuratzen eta eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak gauzatzean bizitza autonomoagoa izaten laguntzeko.

«Laguntza horren garrantzia dela eta, gure ustez, Lehen Mailako Arreta Plana kuantitatiboki hobetuz, bizitza autonomoak eta independenteak bermatzen ditugu, kalitatezko enplegua sortzearen aldeko apustua egiten dugu, zainketak eta laguntzak profesionalizatuz eta mendekotasuna duten pertsonentzat prestazio erakargarri hori egiten laguntzen dugu», adierazi du Claudia Venceslao EH Bildu Arabako batzarkideak.