AKTUALITATEA


| 2022-09-26 10:27:00

Araba. 2022-09-26 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat erregistratu du gaur jabetza pribatuko jauregi, dorretxe eta antzeko eraikin historikoetan bisita publikoak egin ahal izatea bermatzeko.

EH Bilduren arabera, Arabako hainbat herritan daude jabetza pribatuko jauregi, dorretxe eta antzeko eraikin historiko nobleak, ondare kalifikazio bat dutenak. Eraikin horien izaeragatik, jabeek hobariak jaso ohi dituzte, baina horrek ez du isla publikorik. Ainhize Solaun EH Bilduko batzarkidearen esanetan, eraikinak «publikoari itxita egon ohi dira edo jabearen borondate hutsaren arabera ireki edo itxi egiten dira».

Solaunek Kexaako monumentu multzoa jarri du adibide gisa, «non askotan monumentu multzoa bisitatu nahi dutenen asmoa zapuztuta suertatzen den bisitak egiteko aukera bertako apaizaren borondatearen baitan egoten delako».

Hala, EH Bilduk uste du herritarrek edo kanpoko bisitariek eraikin historiko horiek ezagutu ahal izatea eraikin horiek balioan jartzea eta herritarrak aintzat hartzea dela, eta gogora ekarri du Frantziako estatuan, esaterako, ondare gisa kalifikatuta dauden jabetza pribatuko eraikinak egun batzuetan publikoari irekita eduki behar direla legez.

Euskal Kultur Ondarearen Legea

Araban, eraikin horietako askok Eusko Jaurlaritzaren babes maila bat dute eta, ildo horretan, Euskal Kultur Ondareari buruzko 6/2019ko Legearen 32. artikuluak dio ondasunean bisitak foru aldundiek ezarritako erregelamendu baten arabera antolatuko direla. Paradoxikoki, erregelamendu hori egiteke dago eta, ondorioz, udalerriek ezin dute bisita publikorik antolatu herritarrek eraikin horiek ezagutu ahal izateko.

Beraz, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote 32. artikuluak ezartzen duen erregelamendua sei hilabeteko epean egin dezala, Araban Kultur Ondare deklaratutako jabetza pribatuko jauregi, dorretxe eta antzeko eraikin historikoetan bisita publikoak egin ahal daitezen.