Iruraitz-Gaunako Udalak Madrilgo Gobernuari eskatuko dio Arabako Lautada zeharkatzen duen goi tentsioko linea elektrikoa ez egiteko. Hala erabaki dute gaur EAJ-PNVko eta EH Bilduko udal taldeek goizean egin duten osoko bilkuran. Bertan, proiektu horri alegazioak aurkeztea ere adostu da. Hori guztia, proiektuan jasotako ingurumen eraginari buruzko txostenean oinarrituta. Txosten horren arabera, azpiegitura horrek eragin handia izango du eskualde osoan, landaredian, faunan, biztanlerian, sektore sozioekonomikoan eta, oro har, paisaian. Baina udal txosten teknikoa haratago doa, eta honako hau dio: “azpiegiturek eskualdean duten eragina proiektu osorako Ingurumen eraginaren azterlanean adierazitakoa baino handiagoa da”.
Goi-tentsioko linea horrek (LAAT) Arabako lautada zeharkatzen du 40 bat kilometrotan. Iruraiz-Gaunako kasuan, goi tentsioko 18 dorre jartzea planteatzen da, 72 metroko altuerakoak. Ibilbideak onura publikoko mendiak zeharkatzen ditu, eta eragina du uretan, goi-tentsioko eta telefoniako sareekin eta errepide-sarearekin. Baina, gainera, udalerriko gune bat –Arrieta- hariteriatik 500 metro baino gutxiagora geratuko da.
Ingurumen Inpaktuko txostenak eragin oso larriak jasotzen ditu bai faunan, bai floran eta paisaian. Izan ere, hegazti migratzaileen pasabideak babestutako zonei eragiten die, bai eta arriskuan dauden espezieen habiaratze-eremuei ere, hala nola sai zuria eta ugatza. Gainera, korridore ekologikoa da, eta onartzen da inpaktua oso garrantzitsua izango litzatekeela paisaiaren kalitateari dagokionez. Baina, gainera, sute-arriskua, ibaibideetan izango lukeen eragina, lehendik dauden beste azpiegitura batzuen gaineko afekzioa eta inguruko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien gaineko afekzioa ere agerian geratzen dira. Zarata eta erradiazio elektromagnetikoa ere beste ukipen batzuk dira.