AKTUALITATEA


| 2026-04-14 08:35:00

Irisgarritasuna, kale-izenen plakak aldatzea, trantsizio energetikoa eta euskararen sustapena dira taldearen beste inbertsio proposamen nagusiak

Eskuernaga. 2026-04-14 | EH Bildu Eskuernaga udal taldeak udalerriko aurrekontua hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu gaur. Horien artean, etxebizitza soziala sustatzeko 50.000 euroko partida nabarmentzen da.

EH Bilduk negatibotzat jo du udal gobernuaren azken urtea, «EAJren gobernuaren erabateko paralisia, gai handi eta txikietan ez aurrera eta ez atzera, ekimenik gabe. Horrek behartzen gaitu Gobernuak atzera bota zituen  iazko proposamenak berriro planteatzera ezer ez baitute egin: Etxebizitza, Trantsizio energetikoa, Euskara».

Amaia Gil EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, "etxebizitzak gure herriko arazo sozialik larriena izaten jarraitzen du, eta funtsezkoa da gazteak bertan errotzeko: etxebizitzarik gabe ez dago proiektu pertsonal autonomorik. Aurreko urtean bezala, 50.000 euroko hasierako partida bat proposatzen dugu birgaitu daitekeen etxebizitza erosteko eta erabilera soziala emateko. Horretarako dauden Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen deialdietara jotzea planteatzen dugu, eta hori guztia Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen baten bidez antolatzea».

Horrekin batera, udalerriko kale-izendegia berritzeko proposamena nabarmendu dute, bai kaleen izendapenetan, bai plaketan. Ildo horretan, salatu dutenez, «Udal Gobernuak ez du ezertxo ere egin, ez hondatutako plakak aldatzeko, ezta izenik ez duten zeharbideei izena jartzeko ere, nahiz eta, gure mozioari erantzunez," beste era batera "egingo zutela esan zuten». Hala, bi partida proposatu dituzte: bat, partaidetza-prozesu baterako, izenik ez duten kaleak izendatzeko, 3.000 euroko balioarekin, eta bestea, plaka hondatuenak aldatzen hasteko, guztiak homogeneizatuz.

Gainera, udalaren irisgarritasuna hobetzea proposatu dute, indarrean dagoen legea ez duelako betetzen «duela hilabete batzuk Eginaren Eginez elkarteak Batzar Nagusietan salatu zuen bezala. Uste dugu premiazkoa dela gai horri aurre egitea, eta, lehen urrats gisa, arazoen eta konponbide tekniko posibleen azterketa zorrotza egitea planteatzen dugu. Horretarako, lan horiek egingo dituen aholkularitza bat kontratatzea planteatzen dugu, 10.000 euroko partida bat sortuz», adierazi du Amaia Gilek.

Trantsizio energetikorako inbertsioek osatzen dute beren proposamena, «klima-aldaketaren ondorioen aurka borrokatzeko, energia-ekoizpenaren sarbidea eta kudeaketa demokratizatzeko eta herri gisa dugun burujabetza energetikoa hobetzeko», bai eta 1.500 euroko partida berri bat ere, euskarazko ekintzak egiteko eta hizkuntza sustatzeko.