AKTUALITATEA


| 2026-04-17 14:45:00

EH Bilduren proposamenek hobekuntzak ekarriko dituzte mugikortasun eta garraio iraunkorrean, azpiegituretan eta hondakinen kudeaketan

Araba. 2026-04-17 | Otsailean udalbatzaren gehiengoak atzera bota ondoren, Zigoitiko EH Bildu eta EAJ udal taldeek akordioa lortu dute udal aurrekontuak aurrera ateratzeko, Udal Gobernuak EH Bilduren proposamen guztiak onartuta. Proposamen horiei esker, EH Bildu udal taldearen helburua da hauekin herrian bizi diren pertsonen egunerokotasuna hobetzea eta erraztea.

EH Bildu pozik agertu da lortutako akordioarekin, besteak beste, gobernu taldearen konpromisoa lortu duelako Bengolarrako tramiteak azkartzeko, familientzako alokairu sozialeko etxebizitzak eskaintzeko eta ostalaritza eta gimnasio zerbitzua lehenbailehen esleitzeko.

Gainera, EH Bilduren proposamenei esker, azpiegiturak eta mugikortasun iraunkorra hobetuko dira. Hala, 10.000 euro bideratuko dira herrien arteko bide hondatuak konpontzeko, eta 5.000 euroko bi partida bizikletaren erabilera sustatzeko, alokairuko bizikleta elektrikoak erosteko eta bizikletak konpontzeko geltoki bat egiteko. Horrekin batera, Udalerriko Mugikortasun Planaren koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioa bermatuko dira, batzar administratiboekin elkarlanean.

Halaber, Zigoitiko EH Bilduk 2.500 euro bideratzea lortu du altzari eta materialetarako, Gaztelekuan gazteentzako jarduerak eta programak garatzeko.

Jasangarritasunaren eta ingurumenaren atalean, partida bana lortu dute edukiontziak eta konpostontziak erosteko, hondakinen kudeaketa hobetzeko, baita beste partida bat ere, udalerriko elkarteen lege-gastuak eta aholkularitza juridikoko gastuak laguntzeko.