AKTUALITATEA


| 2026-03-12 11:01:00

EH Bilduren mozioaren arabera, DBHko lehen zikloa amaitu ondoren, Gasteizko ikastetxe espezializatuetara joan behar dute hezkuntza-premiak dituzten landa-eremuko ikasleek, ikastetxea eta ingurunea herrian utzita

Araba. 2026-03-12 | Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute gaur. Mozio horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote neurri egokiak har ditzala Arabako herrietako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek DBH beren ingurunean amaitu ahal izateko.

Kanpezuko Mendialdea institutuko Gurasoen Elkarteak eskatuta EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak aurkeztutako mozioaren arabera, «hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, 14 urterekin, beren ikastetxea, ingurunea, irakasleak eta ikaskideak uztera behartuta daude, DBHko 3. mailatik aurrera, hezkuntza-premia bereziei erantzuteko, Gasteizko hezkuntza-dibertsifikazioko zentro batera joan behar baitute». Horrek esan nahi du, nola ez, «ingurunea uztea eta garraiobide publikoetan joan-etorri luzeak egitea, horrek dakarren denbora eta zailtasunarekin, hezkuntza-premia bereziei beste handicap bat gehituz».

Ruth Ibisate EH Bilduko batzarkideak egoera hau bidegabetzat jo du, Mendialdeko gazteak ez baitaude aukera berdintasunean: «Hezkuntza inklusibo eta kalitatezkoa lortzeko aukera ezin da izan pertsona bakoitza bizi den lekuaren araberakoa. Ezin da izan landa-eremuetako ikasleek hiriburuko ikasleek baino aukera gutxiago izatea. Eta egoera hau ez da kasu isolatu bat. Arazo zabalago baten parte da: baliabideak pixkanaka hirietan zentralizatzea, landa-ingurunea gero eta zerbitzu gutxiagorekin utziz».

Ibisatek berdintasuna aldarrikatu du Arabako ikasle guztientzat, lurralde-oreka aldarrikatuta: «Lurralde-orekak esan nahi du landa-ingurunean kalitatezko zerbitzu publikoak, hezkuntza inklusiboa eta benetako aukera-berdintasuna bermatzea. Gure herriek etorkizuna izatea nahi badugu, familiak bertan bizi ahal izatea bermatu behar dugu, jakinik beren seme-alabek edozein hiritan dituzten eskubide eta aukera berberak izango dituztela».