AKTUALITATEA


| 2026-03-06 11:36:00

Lagrango Udalbatzak Arabako Mendialdeko Kuadrillan adinekoentzako egoitza publiko bat planifikatu eta gauzatzeko eskatu dio Arbako Foru Aldundiari. Izan ere, Gizarte Politiketako Sailak emandako azken datuen arabera, mendekotasun-mailaren bat duten 140 pertsona daude guztira. Horietatik 77k mendetasun-maila altuak edo oso altuak dituzte. Hala ere, eskaintza 38 plazatara mugatzen da, guztiak pribatuak. Hori gutxi balitz, Arabako bederatzi foru-egoitzetatik bat ere ez dago Arabako Mendialdeko Kuadrillan.

Urtzi Gaintzarain Lagrango alkateak gogorarazi duenez, eskualdean bizi diren 3.152 pertsonetatik 823 65 urtetik gorakoak dira. "Urtetik urtera hazten ari den ehunekoa da. Datu horrek agerian uzten du biztanleriaren zahartze-prozesuak gora egin duela urtetik urtera. Pertsona horiei arreta emateko plaza kopurua ez da nahikoa, eta horrek ohiko ingurunetik kanpora nahitaez joatea eragiten du", nabarmendu du Gaintzarainek.

Hori dela eta, Lagrango Udalak Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio ahalik eta lasterren eta Udalarekin lankidetzan, Arabako Mendialdeko Kuadrillako egoitza-plazen egungo eta etorkizuneko beharrei buruzko azterlan tekniko bat egin dezala. Era berean, Arabako Foru Aldundiari eskatu dio itundutako plaza-kopurua berehala handitzeko, azpiegitura berria gauzatzen den bitartean.