AKTUALITATEA


| 2026-03-11 13:03:00

2019ko dekretu batek animalia biziak garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzera behartzen du, baina Arabak ez du horrelako azpiegiturarik

Araba. 2026-03-11 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak akordio bat lortu du gaur. Horren bidez, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatzen diote hilabeteko epean animalia biziak garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentro publikoen sare bat ezartzeko proiektua idatz dezala. Gainera, akordioak Aldundiari eskatzen dio legegintzaldi honetan bertan ireki dezala mota horretako lehen zentroa.

Gustavo Fernandez EH Bilduko batzarkideak gogorarazi duenez, 2023an Aldundiak «beste behin ere punpa handiz» iragarri zuen ibilgailuak desinfektatzeko zentro bat irekiko zuela Ondategin, baina «ez zen horren berririk izan». Bitartean, «dermatosia, mingain urdina... hemen daude, eta beste gaixotasun batzuk ere etorriko dira. Hala, 2025eko abendutik, EAEn animaliekin egiten diren azokak eta ekitaldiak aldi baterako etenda daude, dermatosi nodular kutsakorraren aurkako prebentzio-neurri gisa».

Egoera horren aurrean, Fernandezek Foru Aldundiari eskatu dio lanari ekiteko: «Ezin gara kalkulu politikoetan nahasi. Une kezkagarria da, zalantzaz betea. Abeltzainak beldur dira gaixotasuna beren ukuiluetara iritsiko ote den. Aldundiak ezin du beste alde batera begiratu». Fernandezek gogorarazi du, gainera, Bizkaian hiru garbitegi daudela, eta Gipuzkoan bat; Araban, berriz, ez dago horrelako azpiegiturarik.

EH Bilduk aurkeztutako mozio batean du jatorria akordioak, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak adostuta eta azken bozketan PPk babestuta atera da aurrera. Ganadua garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko eta garbitzeko zentro publikoak sortzeaz gain, mozioak Aldundiari eskatzen dio ganaduaren gaixotasun kutsakorren eta pertsonen zoonosiaren prebentzioa eta jarraipena areagotzea.