AKTUALITATEA


| 2024-06-13 10:41:00

Zaintza publikoak, trantsizio ekosoziala eta lurraldearen kohesioa ardatz hartuta, hainbat partida proposatu dituzte, hala nola egoitza pribatuetako lan-gatazka konpontzeko, energia era deszentralizatuan sortzeko edota etxebizitza-eskaintza hobetzeko

Araba. 2024-06-13 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak gaur aurkeztu ditu aurrekonturako neurri gehigarrien Foru Araua hobetzeko zuzenketa partzialak.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak joan den astelehenean azaldu bezala, hiru ardatz dituzte proposamenek: zaintza, trantsizio ekosoziala eta lurraldearen kohesioa.

Zaintza publikoen arloko zuzenketen artean, nabarmentzekoa da erresidentzia pribatuetako lan-hitzarmena sinatzeko partida bat, milioi bat eurokoa, sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko. Horrekin batera, landa-eremuko herrietan zaintza-baliabideak sortzeko partida bat ere proposatu dute, bestak beste.

Erronka ekosozialari dagokionez, EH Bilduk lehen sektorean ipini du arreta, eta proposatu du sektorearen epe luzerako berrikuntza eta erresilientzia bermatuko duen proiektu bat egitea, 150.000 euroko balioarekin, baita autokontsumo elektrikorako instalazioak jartzeko EVEren laguntzak osatzeko 100.000 euroko beste partida bat ere. Kopuru bereko partida proposatu du hondakinak bildu eta itzultzeko sistema integralerako proiektu pilotua abiarazteko, hondakinen gaikako bilketako Europako helburuak betetzeko asmoz.

Lurraldea kohesionatzeko proposamenen artean, etxebizitza eskaintza izan da EH Bilduren kezka nagusia, eta hala, zenbait partida proposatu ditu tokiko entitateentzeko laguntza-lerroak zabaltzeko etxebizitzak birgaitzeko edota sortzeko laguntzak osatzeko.

EH Bildu batzarkide taldeko bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek nabarmendu du EH Bilduk epe ertain edo luzerako akordio baten aldeko apustua egiten duela, baina horretarako gauzak garaiz eta lasai egin behar direla. Zentzu horretan, EH Bilduren ustez, gehiegizkoa da legealdi osoa eta hurrengo ekitaldietako aurrekontuen negoziazioa baldintzatu dezaketen konpromiso-kredituak proposatzea. Beraz, EH Bilduk aurtengo beharrei aurre egiteko proposamena egin du.

Lopez de Arroyabek berriz esan du EH Bildu negoziatzeko prest dagoela, uste duen arren egindako proposamenak «erabat erosgarriak» direla. Dena den, Foru Araua onartzeko prozedura bitartean ere negoziatzen jarraitzeko aukera izango dutela adierazi du bozeramaileak.