AKTUALITATEA


| 2025-01-17 08:35:00

Espektro autistako nahasmendua duten pertsonei arreta emateko zentroa berriro irekitzeko eskatu du, itxaron-zerrendak ugaritu egin baitira

Araba. 2025-01-17 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat erregistratu du gaur Gizarte Politiken Batzordean eztabaidatzeko, autismoa duten pertsonei arreta emateko Hezkuntza Habia izeneko baliabidea berreskuratzeko eskatuz.

Baliabide horren helburu nagusia da eguneko zentro batean sartzeko itxaron-zerrendan dauden eta maila fisiko, kognitibo eta emozionalean arreta- eta zaintza-alternatibarik ez duten pertsonei arreta ematea. Proiektu hau 2021eko urtarrilaren 11n sortu zen pandemiaren ondorengo aldian sortutako behar zehatz bati erantzuteko, eta 2023ko ekainean itxi zen, artatutako pertsonak Zabalganako Eguneko Zentro berrira bideratu baitziren.

Claudia Venceslao EH Bildu Arabako prokuradoreak adierazi duenez, «azken datuek agerian uzten dute kolektibo hori artatzen duten eguneko zentroetara sartzeko itxaron zerrenda areagotu egin dela. Zehazki, 11 pertsona dira zerrenda horretan, eta horietako batzuk urtebete baino gehiago daramate horrelako zentroetan noiz sartuko zain. Gainera, kontuan izan behar dugu ikasturte honen amaieran itxaron-zerrenda hori are gehiago handituko dela eguneko arreta eskatuko duten gazteen eskariaren ondorioz».

«Horregatik guztiagatik, uste dugu beharrezkoa dela Hezkuntza Habia berriro irekitzea Foru Erakundearen eta Autismo Arabaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez, eta pertsona horien eta haien familien beharrei erantzutea», amaitu du Venceslaok.