Beroaldi betean gaudela, klima-aldaketara egokitzeko planak egiteko eta hirigintza-ekimenak abiarazteko laguntzak eskatu ditu talde subiranistak
Araba. 2026-06-24 | Arabako luze-zabaleko herri eta udalerrietan aldaketa klimatikora egokitzeko planak eta hirigintza-jarduerak garatzea. Horixe da EH Bildu Araba batzarkide-taldeak gaur mozio bidez proposatu duen laguntza-lerro berriaren helburua.
Ekain amaierako beroaldi betean gaudenean, EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek berriz nabarmendu du aldaketa klimatikoa gero eta nabarmenagoa dela. «Azkenaldian jasan izan ditugu inoiz izandako tenperaturarik altuenak urteko garai honetan eta bizitako bero-olatuak ondorio kezkagarriak utzi ditu gure gizartean. Beraz, larrialdi klimatikoari aurre egiteko politikak ezinbestekoak direla duda askorik ez dago, baina egokitze politikak ere beharrezkoak ditugu», esan du Lopez de bozeramaileak.
Ildo horretan, Lopez de Arroyabek azpimarratu du oso garrantzitsua dela administrazioen politika publikoek bide hori jorratzea eta, Arabaren kasuan, «administrazio nagusiek ardura gehigarri bat daukate, eta ezinbestekoa zaie Toki Erakundeei tresnak eskaintzea». Are gehiago, bozeramaileak gogora ekarri duenez, «Arabako Foru Aldundiak bere plan estrategikoetan ideia hau onartu eta barneratzen du eta, esate baterako, KlimaAraba 2050 txostenean jasotzen da Aldundiak udalerriei laguntza emango diela klima-arriskuak identifikatzeko eta klima-aldaketaren aldaera hiri-antolamenduan txertatzeko, horretarako udalerriei laguntzeko tresnak eta metodologiak landuz». «Tamalez, Aldundi honek oraindik ere ez du bide hau jorratu», esan du Lopez de Arroyabek.
Horregatik, EH Bildu Arabak aurkeztutako mozioak bi eskaera argi egiten dizkio Arabako Foru Aldundiari: Toki Erakundeei zuzendutako laguntza-lerro bat abiaraztea, klima-aldaketara egokitzeko planak egiten laguntzeko eta, bestetik, laguntza-lerro bat abiaraztea, Toki Erakundeek klima-aldaketara egokitzeko urbanismo-jarduerak garatu ditzaten.
«Egunotako muturreko beroak, suteak, lehorteak… klima-aldaketak hamaika aurpegi izango ditu datozen urteotan, eta Toki erakundeak baliabideak behar dituzte horiek prebenitzeko eta etorkizunerako prestatzeko. Aldaketa klimatikoa errealitatea da dagoeneko, eta Arabako Foru Aldundiak ezin du ezikusiarena egin», amaitu du Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak.