EH Bildu, EAJ eta PSE taldeen artean adostutako mozioan, Foru Aldundiari eskatu diote jardunaldiak antolatzea, museoetan espazio berezi bat eskaintzea edota emakume zientzialariei buruzko argitalpenak eguneratzea
Araba. 2026-06-19 | Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute gaur Foru Aldundiari eskatzeko hainbat ekimen sustatu ditzala emakumeek zientzian izan duten zeregina ikusarazteko. EH Bilduren mozio original batean oinarritutako ekimena gaur onartu da Kultura eta Kirol Batzordean, talde guztien babesarekin.
Mozioan, Arabako Foru Aldundiari eskatzen diote Arabako Natur Zientzien museo berrian «emakumeek zientziari eta teknologiari egin dioten eta egiten dioten ekarpenari buruzko espazio bat eskaintzeko». Espazio hori bera eskatu dute iaz mozio bidez onartutako museo ibiltarirako ere. Horrekin batera, Natur Zientzien Museo berriaren irekierarako “Emakumeak zientzian” jardunaldiak antolatzeko eskatu dute. Azkenik, Foru Aldundiaren laguntzaz argitaratzen den Arabako emakume zientzialariek diote… argitalpena aldian behin eguneratu eta osatzeko eskatu dute.
Ruth Ibisate EH Bildu Arabaren batzarkideak adierazi duenez, «agerikoa da emakumeek zientzian izandako zeregina funtsezkoa izan dela, baina ez duela beti izan merezi izan duen aitortza, gure ekarpenak sistematikoki ikusezin bihurtu, gutxietsi eta historiatik kanpo utzi baitira; edo, zuzenean, gizonei egotzi baitzaizkie lorpen horiek». «Errekonozimendu falta horrek, guztiz bidegabea izateaz gain, hezkuntza-erabakiak, irtenbide profesionalak eta neskatoen eta gazteen ahalduntzea baldintzatzen dituzten ideia faltsuak mantentzeko eta iraunarazteko balio izan du».
«Gaur egun, emakumeek presentzia mugatua dute diziplina zientifiko eta teknologiko askotan, eta genero arrakalak oso agerikoak dira lanean hasterakoan eta garapen profesionalean, lan baldintzetan eta egonkortasunean, onarpen akademikoan eta gune erabakigarrietan». Ibisatek argi du egoera hori egiturazko faktoreen ondorioa dela: genero-estereotipoak, erreferente femenino falta, kontziliazio eta erantzukidetasun politika eza… «Oro har, oso txikitatik rol tradizionalak betikotzen eta erreproduzitzen dituen sistemaren ondorio da egoera hau».
2016az geroztik, otsailaren 11n ospatzen da Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna, emakumeek zientziaren, teknologiaren eta horien dibulgazioaren esparruan jokatu duten, eta gaur egun jokatzen duten, funtsezko zeregina aitortzeko. Horren harira, helburu hori betetzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan.
«Emakumeek zientzian egin duten lana aitortzea urrats oso interesgarria eta beharrezkoa da eta ezinbestekoa da erakunde publikoak interpelatuta sentitzea eta berdintasun eraginkorra sustatzeko konpromiso sendo eta aktiboari eustea. Emakumeei historiak kendu diena itzultzeko unea da», amaitu du Ruth Ibisatek.