AKTUALITATEA


| 2019-05-20 12:31:00

Toki erakundeen defentsan atera da gaur EH Bildu eta azpimarratu du Arabak herri biziak izango dituela soilik toki erakundeen autonomia errespetatzen bada eta finantzazio nahikoa eskaintzen bazaie. Horrela azaldu du Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok foru jauregiaren atzean egindako agerraldi batean. Berarekin batera, besteak beste, Lur Jareetako eta Aiaraldeko zerrendaburuak, Eva Lopez de Arroyabe eta Ainhize Solaun egon dira. “Deszentralizazioa, gardentasuna, kudeaketan parte-hartzea, toki erakundeen eskumenei errespetua eta subsidiaritatearen defentsa  izango dira gure toki administrazioaren politiken ardatzak”, laburbildu du Fdez de Pinedok.

 

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa izango da ere bai finantzazioa bermatzea. Zentzu horretan, legealdi osoan egin duen bezala, FOFEL-en bitartez toki erakundeen finantzazioa %58koa izatea defendatuko duela gogoratu du. Era berean, kontzeju, udalerri eta kuadrillen finantzazio ez baldintzatua igotzearen alde azaldu da, autonomia handiagoa bermatzeko asmoz eta inbertsio politikak zehaztu ahal izateko etengabeko deialdien menpe ez egoteko.

 

Bestalde, EH Bilduk salatu ditu azken urte hauetan Arabako Foru Aldundiak abiatu dituen zentralizazio saiakera guztiak. “Bereziki larria izan da ur partzuergo bakarrarekin gertatutakoa, baita zerbitzu sozialen legearen ezarpena ere, bietan Arabako Foru Aldundiak toki erakundeen autonomia urratu duelako”, gogoratu du Fdez de Pinedok.

Hori dela eta, EH Bilduk planteatu du zerbitzu sozialen arloan legearen arabera dagozkien eskumenak transferitzea hala eskatzen badute eta horrekin batera kudeaketa bermatzeko finantzazio nahikoa. Uraren kudeaketari dagokionez, berdintasuna eta errespetua eskatu ditu eta Ur Foru Agentzia sortzea aholkularitza lanak eskaintzeko. Arabako Errioxan abian jarri den merkantilizazio prozesua berraztertzea planteatu du EH Bilduk.

 

Azkenik, EH Bilduk Kontzejuen Foru Araua eta Kuadrillen Foru Araua eguneratzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk, beti ere toki erakundeen eskutik. “Azken legealdiko gainditu gabeko ikasgaia izan da”, ondorioztatu du EH Bilduko hautagaiak.