AKTUALITATEA


| 2020-02-05 12:38:00

Gaubeako osoko bilkurak aho batez eskatu du Gaubean "ozono txarraren" maila jaisteko neurriak hartzeko. Hala egin du EH Bilduk azken osoko bilkuran aurkeztu zuen mozio baten bidez; mozio horretan, besteak beste, eskatzen da ozono troposferikoa Osasunerako Mundu Erakundeak markatzen dituen mugen azpitik uztea eta neurriei buruzko azterketa zehatza egitea.

 

2009an Valderejoko parke naturalean neurgailu bat instalatu zenetik, urtez urte ezarritako mugak gainditu dira, hau da, urtean 25 egunez metro kubiko bakoitzeko ehun mikrogramo baino gehiago. Baina 2019a egoera larriagotu zen eta 135 aldiz gainditu ziren muga horiek. Eusko Jaurlaritzak 2016an egindako txosten baten arabera, "ozono txar" horren ekarpenik handienak Ebroko haranetik eta Arabako Lautadatik iristen dira, balio altuenak udako hilabeteetan ikusten dira eta eguzki-erradiazioekin gora egiten du.

 

Gaubeako haranean mila pertsona baino gehiago bizi dira, eta, horregatik, neurketen azterketa "zehatza eta eguneratua" eta prebentzio-jardueren programa bat eskatzen dira. Izan ere, oso tasa altuak dituzten egun zehatzetan, biztanleria nabariari abisatu beharko litzaioke arnas mailan eta maila kardiobaskularrean eragiten duen ozono horretatik babes daitezen.

 

Hori dela eta, emisioen egoerari eta hartu beharreko prebentzio neurriei buruz herritarrei eta administrazio batzarrei informazio sistema iraunkorra zabaltzeko ere eskatu du udalbatzak.