Arabako Errioxan abiatu den mahats bilketa oso baldintzatuta egongo da aurten mildiu izurriteagatik. Izan ere, izurriteak mahasti gehienetan kalte handiak eragin ditu eta galera ekonomikoak ekarriko ditu. Orain arte mildiuaren izurriteak ezohikoak eta mugatu xamarrak izan badira ere, badirudi aldaketa klimatikoaren ondorioz datozen urteetan ohikoak eta zabalak bihurtuko direla. Hori dela eta, arazoari aurre egiteko, EH Bilduk hainbat neurri planteatu ditu. Alde batetik, Espainiako Gobernuari eskatu dio egungo araudia aldatu dezala eta Arabar Errioxako egungo nekazaritza aseguruetan mildiua bezalako gaixotasunak sartzeko aukera onartu dezala.
Bestetik, Arabako Foru Aldundiari eskatu dio klima aldaketaren ondorioz datozen urteotan mildiuak izan dezakeen balizko zabalpenari buruzko azterketa zientifikoa agindu dezala, baita horrek Arabako Errioxako ardogintzaren ekoizpen gastuetan izan ditzakeen ondorio ekonomikoei buruzkoa ere.
Horrekin batera, EH Bilduk planteatu du metereologia-alerta zerbitzua sortzea aurretik mildiua bezalako izurriteen arriskuaz eta hori aurre egiteko balibideetaz informazioa emateko. Eta azkenik, EH Bilduren ustez, instituzio guztiek aurreikuspen gisa urteroko aurrekontuetan funts bar sortu behar dute klima aldaketaren ondorioz nekazaritza eta abeltzaintza jardueretan sortu daitezkeen kalteei segituan erantzun ahal izateko.
Eva Lopez de Arroyabe Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu duenez, sektorean krisia areagotuko du izurrite honek. “Egoera oso larria eta neurri berriak eta berritzaileak hartzea ezinbestekoa jotzen dugu. Batzuk, beste leku batzuetan aspaldi abiarazitako neurriak dira; beste batzuek, aldiz, baliabide instituzionalen berrantolaketa eskatzen dute, ziurrenik partida berriak sortuz edota existitzen direnak modu malguagoan kudeatuz. Aurreikuspen ezkorrenak egiaztatzen badira, hots, mildiuaren izurriteak ohiko bilakatzen badira, faktore anitzeko krisia hori areagotu egingo da, eta gure sektorearen eta, batez ere, ardogile eta mahastizain txiki eta ertainen etorkizuna are ilunago bilakatuko da”, nabarmendu du Lopez de Arroyabek.