AKTUALITATEA


| 2025-09-14 10:47:00

Gaur Leza herrian mahats-bilketaren festa dela eta, EH Bilduk eredu propioa aldarrikatu du, "talde handien eta inbertsio-funtsen deslokalizazioa eta jardunbide txarrak geldiaraziko dituena, eskualdea kohesionatzen duten upeltegi txiki eta familiarrak protagonista bihurtuko dituena, eta mahatsa lantzen duten pertsonak protagonista bihurtuko dituena". Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailea Eva Lopez de Arroyabek azaldu du. Berak, EH Bilduko beste ordezkariekin batera, parte hartu du jaian.

"Bereizketa eraginkor baten aldeko apustua egiten dugu, eskualdearen benetako interesei erantzungo diena. Horretarako, erakundeek zeregin proaktiboa izan behar dute, eskualdetik sortzen diren ekimenen ondoan ibiliz, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea beste eredu bidezkoago batera igarotzeko laguntza-ildoak irekiz eta ekoizleei bizitza erraztuz. Hori guztia sektoreak eskualde handi honen motorra eta etorkizuna izaten jarrai dezan", gaineratu du.

Izan ere, sektorearen egoera zail eta larriari, aurten mahats-bilketa arazo gehigarriek larriagotu dute. Aldaketa klimatikoaren ondorioak, Trumpek ezarritako muga-zergak, mildiua eta ekoizpen-prezioen azpitik mahatsa ordaintzen ari den prezioak sektorea soken kontra jartzen ari dira. Hori dela eta, upategi handiei mahatsa prezio justuago batean ordaintzeko borondatea eskatzeaz gain, elikadura katearen legea betetzeko eskatu die EH Bilduk erakundeei.


"Mahats-bilketaren lehen festatik 30 urte bete diren honetan, gogoratu datu argigarri bat. Uzta hartan, mahats-kiloa 0,78 €/ kg-an ordaindu zen. Bada, 30 urte geroago, ekoizleek zalantzak dituzte prezio horretara iritsiko ote diren. Beraz, Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu bere betebeharrak bete ditzan eta elikatze-katearen legea betetzen dela berma dezan ", amaitu du.