AKTUALITATEA


| 2021-08-26 10:01:00

Bost hilabeteren ostean Eusko Jaurlaritzak Armentia-2an gasa esploratzeko errekurtsoa kendu gabe jarraitzen duela jakin ostean, EH Bilduk helegitea bertan behera uzteko eskatu dio Urkullu buru duen gobernuari.

Arabako erakundeek (udalek, kontzejuek eta Batzar Nagusiek) hainbat mozio eta adierazpen instituzional onartu dituzte, Araban gasaren esplorazio eta ustiapen mota oro baztertuz, horrek ekarriko lituzkeen ingurumen-arrisku larriengatik. Era berean, Arabako gizartearen gehiengoa ekologiaren aurkako jarduera horien aurka agertu da mugimendu sozial zabal batean, mobilizazio historikoak eginez. Hala ere, badirudi hori guztia ez dela nahikoa EAJk, SHESAk eta Arantxa Tapia andreak arabarren gehiengoaren borondatea errespetatzeko.

EH Bilduk berriz ere eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta bereziki EAJri, Arabako biztanleriaren eta lurraldeko eragile politiko, sozial eta sindikalen gehiengoaren iritzia bere gain har dezala, behingoz. Era berean, Eusko Jaurlaritzako kideek, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arabako Ahaldun Nagusiak edo Gasteizko alkateak gizarteari helarazitako kontraesanen eta mezu nahasgarrien kate amaigabeari amaiera emateko eskatu du. Hau da, EH Bilduren ustetan, instituziook behingoz argitu behar dute zer dauden prest egiteko arlo honetan. Izan ere, EH Bilduren ustetan irtebinde bakarra dago: hidrokarburoen obsesioa bertan behera uztea eta ahalik eta azkarren trantsizio energetiko justu, planifikatu eta adostu baten alde egitea behin betiko, lurraldea ahalik eta epe laburrenean deskarbonizatzeko. Hori guztia 2050a baino lehen.

Honen harira, Mikel Otero legebiltzarkideak SHESAri baliabide publikoak bideratzen jarraitzeari uzteko eskatu dio Jaurlaritzari, eta baliabide horiek krisi klimatiko garai honetan herrialdeak behar duen trantsizio energetikora bideratzeko. Zentzu honetan, SHESA behingoz desegiteko eskatu du berriro: "Hidrokarburoak erauzteko garaia historiara pasatu behar da; EAJ bakarrik geratu da, eta ororen aurka eta guztion aurka aurrera egiten jarraitzen du. Hau amaitu dela onartu behar du”.

Azkenik, EH Bilduk iragarri du interpelazio bat aurkeztuko duela Eusko Legebiltzarrean eta galdera bat Gasteizko Udalean, azalpenak eskatzeko.