AKTUALITATEA


| 2025-10-23 08:36:00

Abian da Barria eta Espejoko aterpetxeak gertuko elikagaiekin hornitzeko proiektu pilotua. 2025. urterako EH Bilduren ekimenez sartutako aurrekontu-sailetako bat da. Proiektua UAGAk gauzatuko du, eta horretarako 80.000 euroko aurrekontua du. Helburua da, foru-administrazioa lehen sektorearen etorkizunerako eragile aktibo izatea.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak azaldu du. Proiektua ekainean hasi zen eta datorren abenduan amaituko da. Proiektuaren bidez, dagoen eskaria eta eskaintza aztertu, zer behar logistiko behar diren ikusi, erosteko aukerarik onenak aztertu eta, azken finean, proiektuaren bideragarritasuna ikusi nahi da. UAGAk, gainera, 6.600 euroko erreserba egin du, behar izanez gero, prezio-aldeak kubritzeko. Horrez gain, Nafarroan, Bizkaian (Urduña) eta Espainiar Estatuan (Andaluzian) martxan dauden proiektuak bisitatuko dira.

Lopez de Arroyabek azaldu duen bezala, "funtsezko ekimena da EH Bilduk gertuko eta kalitatezko elikagaiak jantoki publikoetan sartzea sustatzen duelako ". Barriako eta Espejoko aterpetxeetan proiektuaren bideragarritasuna aztertzea da asmoa, eta hortik abiatuta, ekimena gainerako foru jantokietara zabaltzea.

"Ez da onargarria abeltzaintzan eta nekazaritzan 100.000 hektarea baino gehiago dituen lurralde batean kanpoko produktuak kontsumitzea. Hurbiltasuneko produkzioan diharduen sektore hasiberri bat dago, eta indartu egin behar da, eta horrelako ekimenek lagunduko dute ", nabarmendu du EH Bilduren bozeramaileak Batzar Nagusietan.