AKTUALITATEA


| 2025-02-19 15:32:00

EH Bilduren beste mozio bat ere onartu da, diru publikoz lagunduta zaharberritu diren eraikinen erabilera kulturala bermatzeko

Araba. 2025-02-19 | Arabako Batzar Nagusiek EH Bilduren mozio bat onartu dute gaur, Foru Aldundiari eskatzeko garraio publikoaren doakotasuna 12 urtetik 14 urtera arte zabaltzea. EH Bilduk, EAJk eta PSEk mozio bat adostu dute ildo horretan, PPren babesa izan duena, eta Elkarrekin Podemosen abstentzioa.

Mozioaren zergatia azaltzeko, Iñaki Ullibarri EH Bilduren batzarkideak gogora ekarri du Espainiako Gobernuak 2024. urte amaieran onartutako Dekretuan jasota zeudela 2025eko bigarren seihilekoan abiatu beharreko hainbat neurri. Horien artean, bi nabarmendu nahi izan ditu Ullibarrik, «belaunaldi berrien artean garraio publikoa erabiltzeko zaletasuna pizteko daukaten balio estrategikoagatik: %50eko deskontua ezartzea 26 urtetik beherako gazteentzat eta 0-14 urte bitartekoentzat doakotasuna ezartzea».

Gaur onartutako mozioan, bi adin tarte horietan neurri horiek hartzeak egun indarrean dagoen aurrekontuan izango lukeen eragina eta finantzazio-aukerak aztertzeko txostena egitea eskatu diote Aldundiari, Euskadiko Garraio Agintaritzaren baitan, eta horretarako, Agintaritza horretan proposatu dezala neurri berri horiek ekarriko duten koste ekonomikoa proportzionalki banatzea EAEko garraio publikoa kudeatzen duten instituzioen artean.

Garraio publikoa babesteko neurri estrukturalak hartzen jarraitzeko ere eskatu diote Aldundiari, hala nola maiz erabiltzeagatiko deskontu progresiboak, 12 urtetik beherakoen doakotasuna edota Arabako garraio operadoreen arteko tarifak bateratzea. «Esan gabe doa, EH Bilduk oso modu positiboan baloratzen dituela halako ekimenak, eta guri dagokigunez, Arabako foru garraio publikora ahalik eta azkarren zabaltzea nahiko genuke», esan du Iñaki Ullibarrik.

Zaharberritutako eraikinak

Hori ez da, baina, gaurko osoko bilkurak onartu duen EH Bilduren proposamen bakarra: Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu diote zaharberritzeko diru publikoa jaso duten eraikinetan jarduera kulturalak egin ahal izateko klausula bat jasotzea. EH Bilduk, EAJk eta PSEk adostutako mozioak Elkarrekin Podemosen babesa jaso du. PPk aurka bozkatu du.

Ekimenaren jatorria da Gotzaindegiak Santa Maria katedral zaharrean film bat grabatzeko baimena ukatu izana. Horrek polemika eragin zuen, are gehiago diru publikoz lagundutako eraikin bat izanik.

Hala, gaurko osoko bilkurak Arabako Foru Aldundiari eskatu diote etorkizunean arabar guztien ondare diren eraikinetan zaharberritze lanak egiteko dirulaguntza hitzarmenetan klausula bat jasotzea, zeinaren bidez arautuko den jarduera kulturaletarako erabilera, publiko zabalarentzat irekitzea edota adituek ikerketak egitea.