AKTUALITATEA


| 2025-06-16 10:07:00

Ekainaren 17an, asteartea, irekiko ditu ateak Patioko Bentak, Barrundiako Udalak bultzatutako guneak. Tradizioa eta modernitatea batzen ditu, eta inguruko turismoa eta produktuak sustatzeko balioko du. Mendixurren dago, N1 errepide zaharraren ondoan, eta Barrundiarako eta, aldi berean, Arabako Lautadarako sarrera izan nahi du Patioko Bentak.

Horrela, lehengo bentaren espiritua berreskuratzen da, inguruko bizilagunei zein bidean zeuden pertsonei zerbitzua ematen baitzien. Orain, Patioko Bentak turismo-informazioko gune bat eta Arabako Lautadako produktuen erakusketarako gune bat ditu.
Gainera, online erosi diren produktuak jasotzeko takila adimendunak ditu. Armairu horietako bi hoztuta egongo dira, produktu freskoak kontserbatu ahal izateko. Hori guztia espazio zabal batekin batera, bertakoen eta bisitarien topagune izango dena.

Guztira, Barrundiako Udalak 910.000 euro inbertitu ditu proiektuaren lehen fase honetan. Inbertsioaren zati handi bat Europako Next Generation funtsen kontura finantzatu da. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu dute finantzaketan.

Patioko Bentaren inaugurazioarekin proiektu honen lehen fasea ixten da. Bigarren fasean erabilera anitzeko gela bat egokituko da erabiltzen ez den ondoko nekazaritza-biltegian. Bertan, biltegi txiki bat ere egongo da.

Proiektu hau 2018an hasi zen, Barrundiako Udalak lurzatia eta bere eraikinak erosi zituenean, zerbitzuak eskaintzeko eta jarduera eta enplegua sortzeko asmoz, puntu horretan dagoen joan-etorri handia aprobetxatuz. Barrundiako alkate Igor Medina Isasik gogorarazi du asmoa dela "turismorako eta tokiko produktuak merkaturatzeko eta eraldatzeko aukerak sortzea".