AKTUALITATEA


| 2022-11-04 11:47:00

Araba. 2022-11-04 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Azaroko Tradiziozko Osoko Bilkurarako mozioa aurkeztu du gaur, zeinean proposatzen baita herritarrei laguntza berriak ematea gasaren eta elektrizitatearen gehiegizko prezioei aurre egiteko.

EH Bildu Araba batzarkide taldearen esanetan, energiaren prezioen igoerak egiturazko neurriak behar ditu, hala nola gasari muga jartzea edota argindarraren prezioaren osaketatik gasa ateratzea, baina horiek aplikatzen ez diren bitartean, herritarren egoera arintzeko neurrien beharra agerikoa da.

Gainera, galdara komunitarioak dituzten komunitateei tarifa arautuan sartzeko aukera eman bazaie ere, oraindik ez dira ikusi lege aldaketak izango dituen ondorio praktikoak. Komunitate askok banakako kontsumoak martxan jartzeko dituzten gabezien ondorioz, arriskua da urtebete barru emandako laguntzak bueltatu behar izatea.

EH Bilduk, talka-neurriez harago, trantsizio energetikoa azkartzeko beharra nabarmendu du, epe ertain eta luzerako aldaketak proposatuta: «Gasteizen, hain zuzen ere, hasi da auzoka energia komunitateak abian jartzeko prozesua, eta udalerriko hainbat kontzejuk ere proiektu propioak garatzeko bideari ekin diote. Arabako Foru Aldundia bidelagun eta sustatzaile izan behar dute gasteiztarrek aldaketa estrategiko horretan».

Laguntza berriak

EH Bilduk energiaren prezioen igoerari aurre egiteko laguntza-bonu bat proposatu du errenta apalak dituzten pertsonentzat, enpresa txiki zein ertainenentzat eta langile autonomoentzat, baita dirulaguntzen lerro bana abiatzea ere galdara komunitarioa duten bizilagunen komunitateentzat, gasaren tarifa arautu berrian sartzea lortzen duten arte gerta daitezkeen desfaseei eta atzerapenei aurre egiteko eta banakako zenbagailuak jartzeko behar diren lanak egiten laguntzeko.

Azkenik, Gasteizko Udalarekin elkarlanean jardutea eskatu du, auzoetako komunitate energetiko publiko-komunitarioak sustatu eta martxan jartzeko, baita udalerriko kontzejuak garatzen ari diren proiektuei laguntza emateko ere.