AKTUALITATEA


| 2023-05-22 20:30:00

Eva Lopez de Arroyabe ahaldungai nagusiak oinarrizko zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa hartu du gaur Murgian, “arabar guztiek zerbitzu berberak dituztela bermatzeko, onartezina delako, adibidez, Urkabustaizen etxeko ospitalizazioa eskuragarri ez egotea edo Gorbeialdean adineko pertsonak artatzeko erresidentzia publiko bat bera ere ez egotea”.

Alde horretatik, EH Bilduren hautagaiak zerbitzu publikoetan azken urteotan nabarmena izan den gainbehera salatu du, eta prozesu horretan Foru Aldundiak zein Jaurlaritzak duten ardura politikoa azpimarratu du, haiek izan direlako hainbat proiektu atzeratu eta gelditu dituztenak. “Beste alde batera begiratu dute Zuian ikastetxe berri bat, egoitza publiko bat edo, ur hornidura bermatzeko, baltsa bat eskatu dituzuenean. Batzuetan beste alde batera begiratzen dute, edota oztopoak ipintzen dituzte, eta beste batzuetan mehatxu eta xantaia egiten dizuete. Ala ez da xantaia egitea zuen eskumenei uko egin diezaiezuela eskatzea, hori baldintza bezala oinarrizko azpiegitura bat egiteko?”.

Aldundia eta Jaurlaritza gobernatzen dituztenek ez bezala, Lopez de Arroyabek “jendeak esan, pentsatu eta behar duena gertutik entzuteak eta ezagutzeak” duen garrantzia nabarmendu du, jendearekiko harreman horrek, lokatza zapalduz baina debatea lokaztu gabe, politika publikoek jendearen beharrei erantzutea ahalbidetzen duelako. “Hori da EH Bilduk egiten duena eta horregatik gora goaz Arabako eskualde guztietan”.

Horren aurrean, Diputazioan EAJk eta PSEk osatu duten gobernua “agorturik eta paralizaturik” dagoela esan du, eta ohartarazi du “aurrean ditugun erronkak ez direla konpontzen betiko errezetekin”. Izan ere, “zerbitzu publikoen gainbehera ez da konpontzen publikotasunaren alde apustu egin gabe, zaintza sistema ez da hobetzen irabazi pribatuen bila dagoena azpikontratatzen, mugikortasun jasangarria ezin da lortu inbertsio guztiak Abiadura Handiko Trenean xahutzen badira, gertuko elikadura osasuntsua ez da lortuko lehen sektorea ZIUan dagoen bitartean, trantsizio energetikoa ezin da egin energia demokratizatu gabe, aberastasunaren banaketa ez da emango orain arteko fiskalitatearekin, gobernantza eredu berriak eta parte-hartzaileak ezin dira martxan jarri zure buruari bakarrik entzuten eta Diputazioko ateak ixten. Azken lau urte hauetan politika publiko aitzindari bakar bat ere ez da egon Diputazioan, eta ez da izan proposamenak egin ez ditugulako”. Horrek, kritikatu du Lopez de Arroyabek, “herritarren beharrekiko deskonexioa” ekarri du, eta hori da, hain justu, EH Bilduk aldatu nahi duena.

Lopez de Arroyaberekin batera, Zuiako alkate Unai Gutierrezek ere parte hartu du ekitaldian. Azken legealdian zaintzak politika publikoen erdigunean jartzeko EH Bilduk Udalean egin duen ahalegina azpimarratu du. “Gure udalerriko adineko pertsonen independentzia luzatzeko, haien ingurunean ahalik eta denbora gehien bizi ahal izateko, proiektu bat abian jarri dugu, Udalaren, enpresa espezializatu baten eta Lehen Mailako Arretako Osasun Zentroaren artean koordinatuta, taldeka lan egiteko eta, kasu batzuetan, erresidentzian bertan arreta pertsonalizatua emateko. 20 pertsona inguru artatu ditu zerbitzu horrek, eta bereziki garrantzitsua izan da pandemiaren garaian eta ondoren, errealitate sozial horrek bereziki jo baititu adinekoak, eta gure ardura da Udalean eskura ditugun tresnak haiei eskaintzea”.

Rocio Viterok kereila judizial bat sustatuko du frankismoaren krimenen kontra

Rocio Vitero Gasteizko alkategaia, bestalde, Zaramagan izan da gaur arratsaldean, eta bertan azaldu du EH Bildurentzat lehentasun dela memoriaren alde lanean jarraitzea eta, hala, San Francisco elizan Martxoaren 3ko Memoriala martxan jartzea. “Proiektu hori lehentasunezkoa da guretzat. Datorren legealdian, 2026an, gertakari haien 50. urtemuga izango da, eta urtemuga hori langile borrokaren memoriarekin dugun zor historikoa kitatzeko baliatu nahi dugu. Helburu horrekin, ‘Gasteiz 1976-2026: Martxoak 3: berrogeitahamar urte’ ekimena antolatuko dugu, Martxoak 3 Elkartearekin elkarlanean”.

Horri jarraituz, Viterok iragarri du EH Bilduk bere egin dituela mugimendu memorialistak bultzatutako bi ekimen. “Batetik, Gasteizko Udaletik kereila judizial bat bultzatuko dugu frankismoaren krimenen kontra, biktimekin eta haien senitartekoekin batera; bestetik, hiriko kale-izendegiaren errebisio kritikoa egingo dugu, Francoren diktaduran ardura politiko, militar edota erlijiosoak izan zituztenei ohore guztiak behin betiko kentzeko”.