AKTUALITATEA


| 2023-05-23 20:18:00

Eva Lopez de Arroyabe ahaldungai nagusiak Miranda-Gasteiz-Altsasu tren sozialaren aldeko apustua berretsi du gaur Dulantzin Lautadako herriak elkarren artean konektatzeko, prezio eta maiztasun erakargarriak eskainiz. “Kalitatezko garraio sistema bat behar dugu Lautadako gainerako udalerriekin konektatzeko, tren sozial bat 24 geltokirekin Mirandatik eta Altsasuraino”.

EAJk eta PSEk apustu itsua egin dute Abiadura Handiko Trenaren (AHT) alde, baina EH Bilduren hautagaiaren iritziz, “ezin diegu utzi Lautadan beste orbain bat egiten eta gure herrialdea bitan zatitzen abiadura handiko plataforma bat eraikitzeko, plataforma horrek, gainera, ez digulako inolako zerbitzurik emango, milioika euro xahutuko dituelako eta jasangarria ez delako, ez sozialki, ez ekonomikoki, ez eta ingurumenaren ikuspegitik ere”. Horri jarraituz, erantsi du, “mugikortasun jasangarria ezin da lortu inbertsiorako diru guztia Abiadura Handiko Trenean xahutzen bada, are gutxiago alternatiba merkeagoak eta zerbitzu hobea emango dutenak egonda”.

Lopez de Arroyaberen irudiko, AHTren aldeko apustuak agerian uzten du zer nolako deskonexioa duten EAJk eta PSEk jendearen beharrekin. EH Bilduk, aldiz, “itxaropenaren blokea” ordezkatzen du, “gu egunero gaudelako herritarrekin harremanetan”. Konexio hori abiapuntu hartuta, ahaldungai nagusiak esan du “datozen urteetako erronka nagusia proiektu kolektibo bat finkatzea” izango dela, “herri proiektu bat, aldaketarako gogo guztiak artikulatuko dituena, maite eta amesten dugun Araba etorkizunari begira jartzeko, erabakiak herritarrekin batera bilatzen dituzten lidergo berriak garatuz”.

Izan ere, horrela ari da jada EH Bildu lanean Lautadako hainbat herritan, konpromisoak eta lidergo berriek emaitza onak ematen dituztela erakutsiz, Arabako gainerako eskualdeetan bezala. Gaur EH Bilduk Araban 11 alkate dituela gogorarazi du Lopez de Arroyabek, eta ekainean gehiago izango direla ziurtatu du, unea delako aurrera egiten jarraitzeko eta ardura berriak hartzeko. Hala, hauteskunde hauetan beste helburu bat ipini du mahai gainean: Zalduondoko alkate Gustavo Fernandez Lautadako Kuadrillako presidente bihurtzea. Ahaldungai nagusiaren iritziz, hori urrats logikoa da kontuan hartuta EH Bilduren ordezkariek urte hauetan eskualdean egin duten ahalegina eta lana, erakutsi duten konpromisoa eta lortu dituzten onura sozialak. “Adibidez, Txelo eta bere taldea Asparrenan, non trantsizio energetikoaren bidea irekitzen ari diren; edo Erika Donemiliagan, non trantsizio agroekologikoan urrats garrantzitsuak ematen ari diren Elikagaiak Eraldatzeko Zentroa martxan jartzeko; edo Zalduondon, Gustavo buru dutela, finantzazioa lortu dutelako sarbideak konpontzeko Aizkorri-Aratz parke naturalean eta Gizpuzkoa eta Arabako Partzuergoan; edo Igor eta bere taldea Barrundian, Ozaetako Eskola Txikia errealitate egin dutelako”.

Alberto Lasarte Dulantziko alkategaiak ere ekitaldian hartu du parte Lopez de Arroyaberekin batera. Azaldu duenez, bere konpromisoa “uraren kudeaketa berreskuratzea da, uraren kudeaketak publikoa izan behar duelako”. Hori dela eta, EH Bilduk “ur-partzuergoaren egoera leheneratu” egingo duela iragarri du. Halaber, Lasarte udalerriko kirol-instalazioak sakonki berrantolatzearen alde agertu da. “Berdegune bat, kirolgune bat behar dugu kiroldegiaren, igerilekuen eta futbol-zelaien inguruan. Izan ere, jakin badakigu gimnasioa txiki geratu dela eta Kirolaren Etxea jada ez dela oso funtzionala boxeoa edo kick-boxinga bezalako kirolek duten eskaria asetzeko. Bestalde, igerilekuetako berdegunea itxita dago denboralditik kanpo, nahiz eta urte osoan aprobetxatzeko moduko gunea izan. Horrez gain, hareazko zelaia abandonaturik dago, alferrik galduta; igerilekuetako taberna zaharkiturik dago eta beste espazio batzuk ere, gaur erabiltzen ez direnak, aprobetxatu daitezke”.

Rocio Vitero trantsizio ekologikoarekin konprometitu da Gasteizen

Bestalde, Gasteizen, Rocio Vitero alkategaiak ziurtatu du EH Bilduk “iraunkortasunarekin zerikusia duten esparru guztietan lan egingo duela, udalerrian aztarna ekologiko murrizteko eta energiaren, materialen eta baliabideen kontsumoa ere jaisteko”. Bere konpromisoa, azpimarratu du, “Gasteizko udalerria ahalik eta azkarren deskarbonizatzeko lan egitea da, eta hori gasteiztar guztien bizi-kalitate ona bermatuz egitea”. “Erronka zaila da –esan du–, baina prest gaude horri aurre egiteko, badakigulako posible dela, eta, gainera, egingo dugu gauza guztiak egin behar diren bezala, hau da, jendearekin batera, inplikatutako sektore guztiak kontuan hartuta”.