AKTUALITATEA


| 2023-05-17 21:13:00

Arabako ahaldungai nagusi Eva Lopez de Arroyaberen ustez, “Arabak lidergo berriak behar ditu”, eta hala esan du gaur arratsaldean Rivabellosan, azken urteotan EAJk eta PSEk Foru Aldundian egin duten kudeaketak “argi utzi duelako betikoak ez duela balio eta batzuek inertzia, lasta eta morrontza gehiegi dituztela”. Horri jarraituz, betiko politikarekin herrialdea “paralisira eramatea” leporatu dio Ramiro Gonzalez jeltzalea buru duen foru gobernuari, eta ohartarazi du “hain azkar aldatzen ari den mundu honetan paralizaturik egoteak atzera egitera eramaten gaituela”. Lopez de Arroyaberen irudiko, “balantze eskas hori da, hain justu, azaltzen duena zergatik egin nahi duten horrenbeste zarata kanpaina honetan”.

Hala eta guztiz ere, ahaldungai nagusiak ziurtatu du EH Bilduk “zubiak eta soluzioak eraikitzen jarraituko duela, beste batzuek lubakiak egiten dituzten bitartean”. Izan ere, “batzuek, askok, euren inakzioaren, balantze eskasaren eta proiektu faltaren lotsak kanpaina zikin batekin estaltzea erabaki dute, lokatzetan plisti-plasta egiten nahi gaituzte, atzerako ispiluari begira”. Horren aurrean, esan du Lopez de Arroyabek, “gu gurera, aurrera begira, EH Bildu lanean egon delako, eta dagoelako, herritar gehienei interesatzen zaien agendaren alde”.

Horren ildotik, hautagai abertzaleak “Arabak lidergo berriak behar dituela” egiaztatu du, bai eta EH Bildu “alternatiba bakarra” dela ere. “Urte asko dira herri honekin, hausnarketak partekatzen, alboz albo lanean, irtenbideak lantzen, etorkizuna prestatzen. Eta alternatiba hori garatzeko unea iristen ari da. Garaia iritsi da argi eta garbi esateko Araban aberastasun nahikoa sortzen dela guztiok gizarte-zerbitzu duinak, etxebizitza, elikadura osasuntsua eta hurbilekoa izateko, energia arrazoizko prezioetan eskuratzeko, azken batean, bizitza duina izateko. Hori da gure obsesioa, eta horretarako gaude hemen, dena emateko prest; ez gara geldituko, eta ez gaituzte geldituko, hori lortu arte, ziurgabetasunaren aurrean itxaropenaren blokea garelako, gure herrian konfiantza osoa dugulako eta aurrean ditugun erronkei aurre egiteko gaitasuna dugulako”.

Zarata besterik egiten ez dutenek ez bezala, “gu herri honen eta herritaren arazoak konpontzeko asmoz gatoz; guk etxebizitzaz, zerbitzu publikoen gainbeheraz, bizitzaren garestitzeaz, lanaren kalitateaz, gazteen prekarietateaz, arazo ekologikoez… hitz egin nahi dugu. Urteak daramatzagu jendearen kezkak gure politikagintzaren erdigunean jartzen eta proposamen zehatzak egiten eguneroko arazoei zein egiturazko erronka handiei aurre egiteko. Horren lekuko dira, besteak beste, Araba Zero Karbono plana erronka klimatiko-energetikoari aurre egiteko; Uztaberri plana, lehen sektoreari eta elikadurari loturikoa; BiziOn proiektua, zaintza publiko sistema integral baten alde, eta gure proposamenen ondorioz sortu zen Aiaraldea biziberritzeko ponentzia, emaitza zehatzak emango dituena”.

Bestalde, Javier Argote Lur Jareetako zerrendaburua, tren plataforma berriak eraiki ordez, egun existitzen diren trenbideak egokitzearen alde agertu da, “horrek Arabako barne konexioa ahalbidetuko duelako, bai eta kanpoaldearekin lotzea ere, Burgos-Gasteiz-Iruñea ardatza modernizatuz eta trazadura behar den tokietan egokituz eta aldatuz, orain dauden geltokiak berrituz, lurperatuz ere bai, eta geltoki berriak eraikiz”, EH Bilduk tren sozial baten aldeko proposamenean jaso zuen bezala.

Argotek, gainera, administrazioen arteko lankidetza eta finantzaketa egoki bat ahalbidetuko dituen  gobernantza eredu baten aldeko apustua egin du, “txikiak egin dezakeena handiak egin ez dezan”, Aldundiari eta administrazio-batzordeei erreferentzia argia eginez. “Kontzejua, administrazio hurbila eta parte-hartzailea izanik, bermea da mendiak, lurra eta ura esku komunean mantentzeko”.