EH Bilduren eta Foru Gobernuaren arteko aurrekontu akordioan jasota zegoen neurrietako bat da, eta ikasturte honetan jarriko da indarrean
Araba. 2025-05-19 | EH Bilduk Foru Gobernuarekin lortutako aurrekontu akordioari esker, foru garraio publikoa doakoa izango da batxilergoa edo prestakuntza zikloak haien herritik kanpo ikasten ari diren 18 urtetik beherakoentzat.
Neurria bihar bertan onartuko du Gobernu Kontseiluak, eta ikasturte honetan jarriko da abian. Erabiltzaileek ikasturte amaieran eskatu beharko dute diru itzulketa. Orain arte, ordaindutakoaren % 80 jasotzen zuten, baina ikasturte honetan % 100 jaso ahal izango dute.
Zehazki, 2023-2024 ikasturtean, ikasketak haien herritik kanpo egiten zuten gazteek dirulaguntza orokor baterako aukera zuten, baita beste dirulaguntza gehigarri baterako aukera ere, zenbait baldintza betez gero. Orain, aldiz, ordaindutako kopuru osoa jaso ahal izango dute 18 urtetik beherako gazteek, ikasketa lekura egiten dituzten lekualdatzeengatik
EH Bilduk Foru Gobernuarekin lortutako aurrekontu akordioan jasotako neurri bat zen foru garraioaren doakotasuna; izan ere, EH Bildu batzarkide taldearen bozeramaile Eva Lopez de Arroyaberen ustez, «deskarbonizazioan aurrera egiteko garraio kolektibo eta publikoaren aldeko apustu irmoa egin behar da». Horrekin batera, EH Bilduren helburua da ikasketak haien herritik kanpo egiten dituzten arabarrak haien herrietan geratzea, modu horretan lurralde orekari mesede eginez.