AKTUALITATEA


| 2023-02-18 12:52:00

Eva Lopez de Arroyabe Arabako Ahaldun Nagusigaiak ziurtatu du Arabak, Aiaraldeak eta Laudiok anbizioa, lidergo berriak eta aurrera egiteko ideia eta proiektu berriak behar dituztela. “EAJk eta PSEk Aiaraldeko aktibazio sozial eredugarria ri esker eta EH Bilduren ekimen politikoari esker mugitu egin dira. Atzetik eta berandu datoz. Oso berandu. Lau urte kostatu zaie EH Bilduk 2018an proposatu zuen plana aktibatzea” esan du . Gainera, Aiaraldean benetako birmoldaketa sozioenomikoa egiteko anbizio nahikorik ez dutela ziurtatu du Lopez de Arroyabek Laudioko alkategaiaren aurkezpenan. .

Ildo horretan, gogorarazi du EH Bilduk salatu egin duela instituzioek Aiaraldearekin izan duten zor historikoa, eta orain, azkenean, 27 milioi euroko inbertsioa jarri dela martxan, EH Bilduren ekimenez, eskualdeak behar duen transformazioa egiten hasteko. “Herri honek birsorkuntza behar du. Ilusiorik ezaren eta paralisiaren sintomak etengabeak dira, eta agerikoak. Herri honek ez du propaganda eta komunikazio-estrategiarik behar miseria horiek estaltzeko, lidergo berriak eta erantzun sendo eta eraginkorrak behar ditu jendearen bizi-baldintzak hobetzeko eta gertatzen ari den atzerakada hobetzeko”, gaineratu du.

Lopez de Arroyabek balioa eman dio Aiaraldeko eskualdeko borroka eredugarriari, bere lanpostuen defentsan, eta elkartasuna adierazi die une honetan kalean lan-baldintza duinak defendatzen dituzten pertsonei, hala nola Mesedeetako Ametako, Abasolo Tailerretako edo Glavista-Autogletako langileei.

Bestalde, Laudioko alkategai Ainize Gastakak nabarmendu du Laudio herri bizia dela, ezbeharren aurrean altxatzen dena, konpromisoaren eta borrokaren adibide. “Laudion politika egiten badakigula” gogorarazi du.  “Pablok irakatsi zigun eta Natxok gogoratu egin zigun. Badakigu zer politika mota gustatzen zaigun: entzuten duena, soluzioak eskaintzen dituena, babesten duena. Politika atsegina eta eraginkorra. Errespetuzkoa eta konpontzailea. Eta harrotasunez esan dezakegu, hemen inon baino hobeto, badakigula politika egiten, gure ANDean daramagulako”, nabarmendu du.

Datorren legegintzaldiari begira, Gastakak gobernantza-eredu kooperatibo eta feminista bat defendatu du, memoria historikoarekin, gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak erdigunean jarriko dituena eta etorkizun duina eskainiko diena, elkartasun-mekanismo komunitarioak aktibatuko dituena, klima-politika eraginkorrak abiaraziko dituena, tokiko ekonomiaren sustapena bultzatuko duena, sare komunitarioak abian jarriko dituena, zaintza-politikak sustatuko dituena, kultura-topaguneen sare bat egituratuko duena eta euskara babestuko duten hizkuntza-politika aurreratuen defendatuko duena.