AKTUALITATEA


| 2025-11-28 08:19:00

EH Bilduk 2009ko jatorrizko testuaren espiritua berreskuratzea eskatu zuen. Horrela, pertsona gehiagok etxebizitza baterako sarbidea izango lukete, okupatu gabeko lokal gehiago etxebizitza bihur baitaitezke.

 

Amurrio 2025.11.27 | EAJren eta PSEren kontrako bozkekin, EH Bilduk aurkeztutako mozioa ez da aurrera atera. EH Bilduk erabaki hori deitoratu du, ekimen horrek ordenantzaren jatorrizko espiritua berreskuratzea eta etxebizitzak lokal komertzial gehiagotan egokitu ahal izatea eskatzen zuelako.

 

Etxebizitza eskuratzea da gizarteak, oro har, baina gazteriak, bereziki, aurre egin behar dion arazo handienetako bat. Ia existitzen ez den merkatuari (salerostekoa zein alokatzekoa) prezio neurrigabeak gehitzen zaizkio, gehienentzat eskuraezin bihurtzen dutenak.

 

EH Bilduren iritziz, egoera horrek gazteen emantzipazio-adinean eragin zuzena du. “Gazteek beren bizi-proiektua gauzatzeko zailtasuna dute edo diru-sarreren ehuneko handi bat bideratu behar dute etxebizitzara”, adierazi dute udal taldetik.

 

Arazoaren konponbidea udal ekimenetatik bakarrik etorriko ez zela jakitun, EH Bilduk uste du Amurrioko Udalak bere esku dauden neurri guztiak martxan jarri behar dituela.

 

Neurri horien artean dago "Bizitegitarako eraikinetako lokaletan eta solairuarteetan etxebizitzak ezartzeko udal-ordenantza", 2009an aukera aurreikusi zuena. Lokalak eta solairuarteak etxebizitza bihurtuz, etxebizitza erabilgarrien kopurua handitzen da, eraikin berriak eraikitzeak dakartzan epeei zain egon beharrik gabe.

 

Bada, 2014an, jatorrizko ordenantza aldatu zen, udalaren esku-hartzea bertan behera utziz, honek espekulazioa geldiarazteko eta alokairuen prezioari muga jartzeko ahalbidetzen zuen kontrol publikoa kentzen. Orain, EH Bilduren ekimen honekin, hasierako espiritu hura berreskuratu nahi zen, etxebizitza baldintza eskuragarriagoetan eskuratzea errazten zuena.

 

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk izugarri deitoratzen du etxebizitza-krisia konpontzen lagunduko duten udal-mekanismoak martxan jartzeko galdutako aukera, eta Gobernu taldeari aurpegiratu dio bizitegi-krisiari aurre egiteko bizkortasun falta.