Araba. 2023-06-29 | Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide-taldearen bozeramaileak gaur adierazi du udal- eta foru-hauteskundeen emaitzek ekarritako ziklo politikoaren aldaketa geldiezina dela. Arabako Batzar Nagusietako inbestidura saioan egin ditu adierazpenok, bere hautagaitza defendatu duenean osoko bilkuran.
«Ez gaude aldaketa koiuntural baten aurrean: egiturazko aldaketa da, eta joera agerikoa da. Joera horrek erakusten du Arabako gizartea ahaldunduta dagoela, ezkerrera egiten ari dela eta etorkizunari itxaropenez eta aldaketarako gogoz begiratzen diola. Aldatzeko eskatzen duen gizartea, eskubideak eta aukerak bermatuz aurrera egitea eskatzen duena, guztiok bizitza duina ziurtatuta izango dugun gizartea, baina, batez ere, lurralde honetan gozatzeko, bizitzeko, lan egiteko eta bizitza-proiektu bat sortzeko aukera berdinak izatea eskatzen duena».
Aldaketa hori gorpuzteko, hainbat erronka nagusi identifikatu ditu Lopez de Arroyabek: gizarte-zerbitzuak, energia-trantsizioa, fiskalitatea eta trantsizio sozioekonomikoa, lurralde-oreka eta lehen sektorea. Erronka horiei aurre egiteko ekimenak aletu ditu, EH Bilduk atalez atal egindako proposamenekin.
Lopez de Arroyabek mezu itxaropentsua zabaldu nahi izan du, ziur baitago «garai bereziek erronka eta aukera berriak ekartzen dituztela». Hala ere, EAJren eta PSEren arteko akordioak ez ezik, akordio ezkutuak ere salatu ditu bozeramaileak: «Guk, aldiz, nahiago dugu berandu datorren mundu berriaren martxa azkartzea eta, mundu berri hori iparorratz hartuta, Araba justu, feminista, euskaldun eta progresista bat eraikitzea, bide hau konpartitu nahi duten pertsona, kolektibo eta eragile guztiekin».
Ekimen zehatzak
Pertsona guztien bizitzak erdigunean jartzeko erronka sozialaren atalean, akordioen beharra nabarmendu du Lopez de Arroyabek. Ekimen zehatzei dagokionez, aldiz, egoitzen kontzertazio araua, zaintzetarako etxe publikoak sortzea eta udalekiko hitzarmenak aipatu ditu, EH Bilduk azken urteotan aurkeztutako BiziON planen ildo beretik.
Trantsizio energetikoan, ekoizpen- eta kontsumo-ereduaren aldaketa sakona ezinbestekotzat jo du hautagaiak. Ildo horretan, gogora ekarri du EH Bilduk Araba 0 karbono izeneko proposamena egin zuela orain dela bi urte baino gehiago energia berriztagarriaren sorkuntza eta zabalpena antolatzeko eta adosteko, baina ez zuela erantzunik jaso EAJren eta PSEren Arabako exekutiben aldetik. Uraren kudeaketaren alorrean, tokiko entitateen autonomia defendatu du Lopez de Arroyabek, Diputazioak orain arte adierazitako zentralizazio asmoen gainetik.
Arabako enpresa-ehunaren kanpoko mendekotasuna nabarmendu du alor sozioekonomikoan, eta horri aurre egiteko eredu aldaketaren aldeko apustua egin du. Herriz herriko industrialdeak biziberritzeko Industria Berri plana proposatu du, baita enpresa txiki eta ertainak babestea ere, mahai sozioekonomiko bat sortzearekin batera. Hori guztia, baina, zerga-erreforma bidezko batek lagunduta egin behar da, behar besteko zerbitzu publikoak bermatu ahal izateko.
Lurralde-oreka bultzatzeko, tokiko entitateak ahalduntzeko Abagune plana proposatu du Lopez de Arroyabek, baita Oreka bulegoa ere, landa-eremuen berpizte ekonomiko, sozial eta demografikorako.
Lehen sektoreari dagokionez, nekazaritza eta abeltzaintza biziberritzeko apustua berretsi du Eva Lopez de Arroyabek, eta adierazi du anbizio handiko Diputazio ausarta behar dela sektore horretan lan egiten dutenen babesa bermatzeko. EH Bilduk proposatutako Uztaraba plan agroalimentarioaren ildotik, ekoizpen-, eraldaketa- eta merkataritza- eta kontsumo-eredu berri baterantz jotzeko helburua ezarri du.
Gazterian, feminismoan, hizkuntza politikan, kulturan, memoria historikoan eta gobernantza-ereduan aurrera egiteko proposamenak aletu ditu azkenik Lopez de Arroyabek, gai horiek transbertsalak direla ulertzen baitu, «Diputazioaren atal guztiak blaituko» dituztenak.