AKTUALITATEA


| 2023-06-09 12:30:00

Araba. 2023-06-09 | Arabako EH Bildu batzarkide-taldeko kideek gaur jaso dituzte akreditazioak, Arabako Batzar Nagusien egoitzan.

Ostean egindako agerraldian, Eva Lopez de Arroyabe bozermaileak nabarmendu du emaitzek «ziklo politiko berri baten hasiera» ikusarazten dutela Araban, hurrengo legealdian EAJk eta PSEk ez baitute gehiengo osoa izango eta, aurreko legealdian ez bezala, akordioetara iritsi beharko direlako. «Hor bi aukera baino ez dira zabalduko: edo atzera begiratu eta PPrekin akordioak erdietsi edota aurrera begiratu eta herritarren beharrei erantzungo dieten politikak abiatu», esan du Lopez de Arroyabek.

Ildo horretan, adierazi du EH Bildu Araba batzarkide-taldea «Arabaren norabide-aldaketan sakontzeko tresna» izango dela. «Inoizko emaitzarik onenak izan ditugu, eta horrek 14 batzarkide izatea ahalbideratu digu, aurreko legealdian baino bi gehiago. Indar handiagoz lan egitera bultzatzen gaitu horrek, norabide aldaketa hori finkatu eta behingoagatik Araban gehiengo berriak, lidergo berriak eta soluzio berriak ekarriko dituen taldea izango gara», adierazi du bozeramaileak.

Bi gehiengo

Lopez de Arroyabek bi gehiengo argi ikusten ditu Araban: gehiengo subiranista eta gehiengo ezkertiarra. Gainera, gehiengo horiek EH Bilduren hazkundearen zigilua dute: Araban, lehen indarra izan da EH Bildu udal-hauteskundeetan, eta foru-hauteskundeetan, aldiz, 1.200 botora geratu dira lehen indarra izatetik. «Gehiengo horiek ikusita, uste dugu akats bat dela gobernu formula zaharkituen aldeko hautua egitea, azken legealdian ikusi dugun paralisia eta moteltzea ikusita», esan du Lopez de Arroyabek.

Formula zahar horiek Arabaren moteltzea eta atzerapena dakarte, EH Bilduren ustez: «Arabak ez du aurrera egin EAJ eta PSEren gobernuarekin; areago, atzera egin dugu gizarte politiketan, lurraren babesean, trantsizio energetikoan eta sozioekonomikoan, lurralde orekan…».

Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak esan du EH Bildu prest dagoela «Araba egungo paralisi honetatik atera eta justizia soziala bermatuko duen gehiengo politiko-instituzionala artikulatzeko», eta arabarrek emandako konfiantza eta sustengu horretatik abiatuta, planteamendu horrekin joko dute inbestidurara.