Aguraingo Udalak eskatu die eskumena duten erakundeei (Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia) premiaz ekin diezaiotela benetako eztabaida sozial bat abian jartzeari, trantsizio energetikoa ahalik eta modu partekatu, ordenatu, justu eta arduratsuenean egin ahal izateko. Atzo osoko bilkuran onartu zen mozio batean jasota dago eskaera hori.
"Gure udalerritik Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu bere erantzukizuna bere gain har dezala proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak hedatzeko agindua ematerakoan. Eta klimaren aldeko itun soziala gauzatu dadin, benetako eztabaida soziala aktibatzea eskatzen dugu, baliabide tekniko, ekonomiko eta pertsonal nahikoak izango dituena ", azpimarratu du Aguraingo alkatea Raul Lopez de Uraldek.
Era berean, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote bere ardura bere gain har dezala, Eusko Jaurlaritzarekin batera eskualdeko eztabaida-prozesu horiek bultzatzeko, energia-trantsizioa ahalik eta modu partekatu, ordenatu, justu eta arduratsuenean bermatzeko.
"Prozesu honetan guztian, udalerriok eskuak eta oinak lotuta ditugu, eta kezkatuta ikusten dugu gure herritarren artean kontrolik gabeko proiektuen ugaritze horrek sortzen duen ezinegona. Neurriak hartzeko eta prozesu justu, ordenatu eta orekatu bati ekiteko garaia da", gaineratu du.
Aguraingo osoko bilkuran gogoratu dutenez, 2024an, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen elektriko berriztagarri autoktonoa elektrizitatearen guztizko kontsumoaren % 7,9 zen. Orduan, Europako bataz bestekoa % 46,9koa zen. "Argi dago, beraz, lehenbailehen heldu behar zaiola gai horri. Baina ez edonola. Gaur egun kaos batean murgilduta bizi gara ", nabarmendu du Lopez de Uraldek. Azken datuen arabera, gaur egun 101 proiektu izapidetzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan inolako lurralde-antolamendurik gabe. Horietatik 88 Araban daude.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak iragarri berri du partaidetza publikoa sustatuko duela eskala handiko 11 proiektu fotovoltaiko eta eolikotan, 450MW berriztagarriak sortzeko. 80 milioi euroko inbertsio publikoarekin, 2030era arte. Partaidetza publikoa duten 11 proiektu horietatik 9 Araban kokatuko lirateke, eta proiektu guztiak izapidetzen hasi ondoren, eskala ertain eta handiko 92 proiektu izango ditugu gure lurraldean. EAEko proiektuen % 88.