Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 50. urteurrenaren harira mozioa erregistratu zuten EH Bildu eta EAJ taldeek
Araba. 2026-05-04 | Arabako Batzar Nagusiek Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen duen mozio bat onartu dute gaur Lehendakaritza Batzordean. Mozioa EH Bildu eta EAJ taldeek aurkeztu zuten, eta Elkarrekin Araba eta PP taldeen babesa jaso du. Aurka bozkatu du PSEk.
EH Bildu Arabaren izenean, June Mugicak defendatu du mozioa, eta nabarmendu duenez, «50. urteurren honetan berretsi egiten dugu Saharako herriaren autodeterminaziorako eskubidea ez dela auzi historiko hutsa, baizik eta guztion ardura politiko eta etikoa».
Mozioan, autodeterminazio eskubidea babesteaz gain, Saharako herriak bere aberastasun eta baliabide naturalen gainean duen subiranotasun iraunkorra bere herritarren onerako baliatu behar dela aldarrikatu dute. Marokori eskatu diote Saharako lurraldetik irteteko, «potentzia okupatzailea den aldetik», eta «ken ditzala Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren independentzia politikoari, subiranotasunari eta lurralde-osotasunari jartzen dizkion oztopo guztiak; eta eten ditzala giza eskubideen defendatzaileen zein Saharako herriaren eskubideak modu baketsuan defendatzen dituzten gizarte zibileko kideen aurkako jazarpen, mehatxu, errepresalia, askatasun-gabetze eta kanporatze praktikak».
Preso politikoak ere aipatzen dira mozioan, eta kezka adierazten dute haien egoeragatik, eta Espainiari eta Europako Batasunari eskatzen diete laguntzarik ez ematea nazioarteko legeria urratzen duen edozein jarduerari, eta babes dezatela autodeterminazio eskubidea.
Espainiari berariaz eskatzen diote 1975eko deskolonizazio-araudia eta akordio hirukoitzak bertan behera utz ditzala, eta fronte polisarioari estatus diplomatikoa eman diezaiola, Saharako herriaren ordezkari gisa. Azkenik, Espainiari eskatzen diote «Europar Batasunaren eta Nazio Batuen esparruan susta ditzala beharrezko ekimen politiko eta diplomatiko guztiak, lurraldearen legez kanpoko okupazioari amaiera emateko eta Nazio Batuek babestutako Bake Planaren arabera irtenbide justu eta behin betiko baterantz aurrera egiteko».