Bi alderdiek atzera bota dute azken bost urteetako kontratuen kanpoko auditoria independente bat eskatzen zuen mozioa, udal kontratazioei buruzko urteko txostenean kontu-hartzaileak hainbat erreparoren berri eman ostean
Amurrio. 2026-04-08 | Amurrioko Udaleko osoko bilkuraren ostean, EH Bilduk deitoratu egin du «EAJk eta PSEk Amurrioko udalean gardentasunaren aldeko apustu argirik ez egitea». Hala adierazi du Jon Berganza EH Bilduko bozeramaileak, bi alderdi horiek Udalean azken bost urteetan egindako kontratuen kanpoko auditoria independentea eskatzen zuen EH Bilduren mozioaren aurka bozkatu ostean. Izan ere, kontu-hartzaileak zenbait erreparo-txosten egin ditu 2025eko kontratazioari dagokionez, eta ez dira bakarrak. Txosten horiek direla eta, EH Bilduk kontratazio horiek aztertu eta argitzeko eta udal kontratazioa hobetzeko tresnak sortzeko eskatu zuen.
Helburu horrekin EH Bilduk udal gobernuari eskatu zion aipatutako auditoria hori ekaina amaiera baino lehen esleituta izatea kudeaketa publikoa hobetzeko neurriak lehenbailehen martxan jarri ahal izateko, baina mozioa ez da aurrera atera EAJren eta PSEren aurkako botoak jaso ostean.
Kontu-hartzaileak egin duen txostenaren arabera, Mendiko Eskola garbitzeko enpresa jakin baten bidez egiten da 2024ko maiatzetik. Zuzenean esleitu ziren zerbitzuak eta urte eta erdiz 117.490 euro ordaindu dira fakturen bidez. Baina legearen arabera, kontratu mota horretarako ezin dira 15.000 euro gainditu urtebeteko epean.
Garbiketa enpresa berdinarekin beste kontratu batek, kasu honetan hainbat eraikin garbitzekoak, 2025eko apirilaren 1etik langa hori gainditu duela aipatzen du txostenak, 29.930,67€ ordainduta, hain zuzen ere.
Kasu hau ez da isolatua. Txosten berean aipatzen da 2021, 2022, 2023, 2024 eta 2025 urteetan udako igerilekuetarako sodio hipokloritoaren horniketa zuzenean enpresa berdinarekin egin dela, zuzeneko esleipena egiteko 15.000€ko langa gaindituz eta 2026. urterako neurriak hartzea eskatuz.
«Egoera honen aurrean, Amurrioko Udalak urteetan zehar egin dituen kontratazioak ikusita eta udal langileek urteetan zehar atzemandako akatsei konponbidea emateko udal-kontratazioaren egoeraren argazki sakona behar dela uste dugu, azterketa horren ondorioak jardun egokirako tresnak eman diezazkiguten. Deitoragarria da Amurrioko EAJk eta PSEk ez izatea gure iritzi berekoak eta, beraz, administrazio publiko bati dagokion gardentasunaren aldeko apustua ez egitea», adierazi du Jon Berganzak.