AKTUALITATEA


| 2026-05-05 09:48:00

Eskualdeak ez du adinekoentzako egoitza-plaza publikorik, lurraldeko eskualde zahartuena den arren

Araba. 2026-05-05 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du maiatzaren 31n Urizaharran egingo den Lur Jareetako osoko bilkuran eztabaidatzeko. Taldeak Arabako Mendialdean foru egoitza bat sortzea proposatu du, eskualdean egoitza publikorik ez dagoelako.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak gaur azaldu duenez, «inguruko egoitza-baliabideen eskaintza ez da nahikoa: Kuadrillan 52 egoitza-plaza baino ez daude, eta horietatik 14 I. mendetasun-gradurako plaza publikoak dira, 18 II. eta III. mailetarako itundutako plazak dira Bernedoko egoitzan, eta % 100eko okupazioa izaten dute urtean. Gainerako 20 plazak zentro pribatuetakoak dira. Hau da, ez dago foru plaza publiko bakar bat ere Arabako eskualde zahartuenean».

Eskualdearen zahartze hori adierazten dute datu guztiek: 2025ean, eskualdeak 3.152 biztanle zituen, eta horietatik 823 ziren 65 urtetik gorakoak. EUSTATen arabera, Kuadrillako 65 urte edo gehiagoko pertsonen kolektiboa hazten ari da urtero. «Datu horrek agerian uzten du biztanleria zahartzen ari dela, eta, atzera egin beharrean, urtez urte aurrera egiten jarraitzen duela zahartze horrek», adierazi du bozeramaileak. Horri gehitu behar zaio, Gizarte Politiketako Sailaren arabera, 2025ean mendekotasun-mailaren bat zuten 140 pertsona zeudela, eta horietatik 77k mendetasun-maila altuak edo oso altuak zituztela.

Egoera horren aurrean, Mendialdeko adinekoek Gasteizera edo beste eskualde batzuetara joan behar izaten dute egoitza publiko batean sartu nahi badute. Lopez de Arroyabek adierazi duenez, «Mendialdean egoitza-plazarik ez izateak hainbat ondorio ditu: adinekoek ohiko ingurunetik kanpora joan behar izaten dute nahitaez, mendeko adineko pertsonen familia- eta gizarte-ingurunea deserrotu egiten da, eta zama gehigarri bat sortzen da familientzat, batez ere Mendialdeko Kuadrilla bezalako landa-eremu sakabanatu batean».

Horregatik, EH Bilduk egoitza-baliabide foral bat sortzea proposatu du eskualdean. Hala eta guztiz ere, Eva Lopez de Arroyabek Aldundiaren egungo bizitegi-ereduarekiko distantzia markatu nahi izan du: «Azken hamarkadetan, foru-gobernuen lehentasuna izan da eraginkortasun zalantzagarriko kudeaketa-eredu esperimentaletan oinarritutako bizitegi-konplexu handiak eraikitzea. EH Bilduren ustez, lurralde osoan pertsona guztien eskubideak bermatzeko, ezinbestekoa da eredu hori birpentsatzea. Eta ikuspegi berri hori hurbiltasunean oinarritu behar da, eta ez zaintzak kudeatzen dituzten enpresa handiei alfonbra gorria jartzean».

Bozeramaileak gogora ekarri du antzeko eskakizuna jasotzen duten mozioak onartu direla Lagranen, Urizaharrean eta Kuadrillan bertan. Lopez de Arroyabek nabarmendu du garrantzitsua dela zaintza berberak jasotzea, pertsona bakoitza bizi den Arabako eremua edozein dela ere. «Mendialdeko adinekoek kalitatezko arreta behar dute eskualdetik atera gabe, eta, horregatik, premiazkoa da zaintza publikoak, komunitarioak, kalitatezkoak eta hurbilekoak bermatzea. Gaur egungo eta etorkizuneko erronka demografikoa errealitate bat da Arabako landa-eremuan ere».

«Gaur zaintzaz hitz egitera etorri gara: lurraldea zaintzeaz ari gara, behar den tokian behar diren zerbitzuak emanez, eta adinekoak zaintzeaz ari gara, bizitzaren azken urteak erosotasunez eta duintasunez bizitzeaz», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.