AKTUALITATEA


| 2023-03-18 13:08:00

Arabak ekimena duen gobernu bat merezi du, gobernu aktiboa, aurrea hartzeko gaitasuna duena, lurraldeak dituen erronka handien mailakoa, fidagarria, hipotekarik gabekoa, tokiko erakundeak errespetuz tratatuko dituena, azken batean, arabarren interes eta nahiei erantzungo dien Gobernua. Eta gobernu hori hemen dago. Zuek zarete. Gu gara. EH Bildu da”. Horrela laburbildu du Eva Lopez de Arroyabek, EH Bilduren Arabako Ahaldun Nagusirako hautagaiak, gaur Artiumen egin den Arabako Batzar Nagusietarako EH Bilduren zerrendaren aurkezpen ekitaldian.


Eva Lopez de Arroyaberekin batera, Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramailea egongo da izango da Gasteizko Barrutiko zerrendaren lehenengo postuetan. Bestalde, Javier Argote izango da zerrendaburua Lur Jareetako barrutian eta Natxo Urkixo Aiaraldean. Bertan pentsioen inguruan lortutako akordioa balioan jarri du. “Aste honetan gutxieneko pentsioak igotzea lortu dugu, baxuenak. Bide luzea dago egiteko pentsio duinak izan ditzaten, baina asteon lortutako akordioa norabide onean doa. Lanean jarraituko dugu herri honetara albiste onak iristen jarrai dezaten. Eta iritsiko dira, ez izan zalantzarik. Aspaldian esaten ari gara, baina garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea: zenbat eta indartsuagoa izan EH Bildu, orduan eta gehiago aurreratzen da politika publikoetan. Horregatik, ziur nago maiatzaren 28aren ondoren gehiago izango garela. Eta gehiago aurreratu ahal izango dute Arabak eta Euskal Herriak, eta abestuago egongo dira bertako herritarrak”, esan du.


Bestalde, Arabako Ahaldun Nagusirako hautagaiak nabarmendu du ahultzen ari den, aurrera egiten ez duen, posizioak galtzen dituen eta atzean geratzen den lurraaldea dugula. Adibide gisa, gizarte-zerbitzuak jarri ditu: “koroaren harribitxia izan zena harri handi bihurtu da oinetakoan”. “Foru Gobernuak pribatizazioaren aldeko apustua egiten du, baina, bitxia bada ere, pribatizazio hori oso garesti ateratzen da, gehiago ordaintzen dugulako, adinekoak okerrago artatzen dituztelako eta adineko horiek zaintzen dituztenek egoera prekarioan zaintzen dituztelako” gehitu du Lopez de Arroyabek.


Zentzu horretan, Arabak gehiago merezi duela nabarmendu du. “Elkarrizketa, entzute aktiboa eta zintzotasuna eskaintzen ditugu, tokiko erakundeak eta lurraldeko eremu guztietako zerbitzuen oreka defendatuko ditugu, eta toki-erakundeei tresnak eskainiko dizkiegu, gizarte-babeseko sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa defendatuko dugu. Araba justu bat behar dugu, non aberastasuna banatuko den, kudeaketa gardena izango den eta aukera-berdintasuna benetakoa izango den. Ez dakit noren alaba izateak ez du balio erakunde publiko batean entxufatzeko. Zintzotasuna, hori bezain erraza”, gaineratu du.


Bestalde, Javier Argotek gogorarazi du Arabako landa-eremuak funtsezko hiru erronkari aurre egin beharko diela hamarkada honetan: gobernantza, finantzazioa eta guztion babesa. “Gobernantza kooperatiboa ezinbestekoa da gure herriak ahalduntzeko. Horretarako, finantzazioa hobetu behar da, eta, azkenik, klima-aldaketaren aurkako borrokaren eta eredu energetikoaren eta sozioekonomikoaren trantsizioaren testuinguruan, komunaren babesa funtsezkoa izango da datozen urteetan. Mendiek, lurzoruek eta gure herrietako urek biodibertsitatea bermatzen dute, eta, beraz, etorkizuna bermatzen dute” azaldu du.


Azkenik, Natxo Urkixok balioa eman dio EH Bilduk Aiaraldean egindako lanari. “Hara hor gure konpromisoa. Etorkizuna eta orainarekiko kezkei ekintzez erantzutea. Globalizazio basatiak gure ehun produktiboa arriskuan jartzen duen honetan, erantzukizunez jokatzea eta eraldaketa bizkortzea ezinbestekoak ditugu. Horretan aritu gara: proposamenak eginez, ekintza zehatzak proposatuz eta inbertsioak ahalbideratuz. Besteek ezin dute horrelakorik esan”, adierazi du.