AKTUALITATEA


| 2022-05-23 09:20:00

EH Bildu Arabako Mahai Politikoak Eva López de Arroyabe proposatu du 2023ko Foru Hauteskundeetarako diputatu nagusirako hautagaia izateko eta behin epea amaituta, hautagaitza bakarra izan da. Guzak horrela, eta EH Bilduren barne araudian jasotzen den bezala,  oinarriak berretsi behar du proposamena. Bozketa maiatzaren 27an, 28an eta 29an izango da.

Eva Lopez de Arroyabe (Gasteiz, 1973) zuzendaritzako idazkaritzan titulatua da. 2007 eta 2011 artean UAGA eta EHNEko zuzendaritzako kidea izan zen eta EHNEren berdintasun saila zuzendu zuen. Beste bi kiderekin batera UAGAko zuzendaritzan parte hartu zuten lehen emakumeak izan ziren. 2014 eta 2016 artean Gure Soroaren,  Arabako Emakume Nekazarien Elkartearen, lehendakari ordea izan zen. 2013 eta 2017 artean Larreako Batzar Administratiboko lehendakaria izan zen, kargu hori bete zuen lehen emakumea hain zuzen ere. 2015etik aurrera Batzarkide izan da Arabako Batzar Nagusietan eta 2016tik 2020ra Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea ere izan da.

Arabako Mahai Politikoaren ustez “Evak inor baino hobeto ordezka dezake, egun, EH Bilduren egitasmo politikoa Araban. Bere ibilbide profesional eta militantean zehar, eta azken urteetan Kike Fernandez de Pinedorekin batera eskuz esku burututako lanean, lurraldearen ezagutza sakona pilatu du, Errioxatik Aiaraldera eta Añanatik Lautadara”. Era berean, EH Bilduren baitan bete dituen ardura ezberdinetan erakutsia du “bere gaitasun militantea eta egitasmo politikoarekiko, eta Arabarekiko, atxikimendu eta konpromisoa”.

Hortaz, “Evak EH Bildu eta Araba libre, feminista, sozial, iraunkor eta ekologista nahi duen gehiengo soziala ordezkatzeko duen gaitasunean eta egokitasunean sinesten du”.  EH Bildu Arabako Mahai Politikoak konfiantza osoa du zerrendaburu izateko, egunero gauzak aldatzeko eta justizia sozialaren, aberastasunaren banaketaren eta demokraziaren eredu propioa eraikitzeko sinesten eta lan egiten duten arabarren gehiengoa ordezkatzen dutelako.