Horiez gain, proposamenak egin dituzte kultura eta kirolerako, azpiegituretarako edota udal-funtzionamendua hobetzeko
Amurrio. 2024-12-14 | Amurrioko EH Bildu udal-taldeak, udalerriko aurrekontuetan txertatzeko proposamenak aurkeztu dizkio gaur udal-gobernuari, gazteentzako etxebizitza, ingurumena eta trantsizio ekosoziala, eta batzar administratiboen finantzazioa ardatz hartuta.
EH Bilduk negoziaziorako gune bat ireki nahiko luke udal gobernuarekin, bere proposamenek aurrekontuak hobetzen dituztelakoan. Adierazi dutenez, «herritarren arazoei eta premia larrienei ikuspegi integral batetik helduko dieten ekimenak dira, Amurrio solidarioago, jasangarriago eta inklusiboago baten eraikuntzan aurrera egiteko». «EH Bildu Amurriotik baliabideen kudeaketa koherentearekin konprometituta gaude, eta uste dugu funtsezkoa dela udal aurrekontuetan printzipio eta lehentasun batzuk jasotzea», esan dute.
Hala, EH Bilduk proposatu du Amurrioko etxebizitza hutsen azterketa egitea proposatu dute, Amurriok eta Euskal Herriak bizi duten etxebizitza-larrialdiari aurre egiteko lehen pauso gisa, baita gazteen emantzipaziorako dirulaguntza gehiago ematea ere, uste baitute gazteek dutela arazo gehien etxebizitza eskuratzeko. Horrekin batera, etxebizitzaren gaineko zerga berrikustea ere proposatu dute, etxeak merkatura ateratzea errazteko, edota Eusko Jaurlaritzari lurzoru publikoa lagatzea, Amurrion bertan etxebizitzak eraiki ditzan. Gazteriari begirako neurriak dira batez ere, eta horiei begira ere laguntza eta prebentzio psikologikorako zerbitzua indartzea.
Trantsizio ekosoziala da EH Bilduren lehentasunetako bat, eta ildo horretan proposatu dute Amurrioko behar energetikoen azterketa egitea eta enpresen kartoi eta plastiko bilketa berrezartzea. Gainera, ortu eta lur-banku komunitarioak sortzea ere eskatu dute, baita Izarza eta Aresketamendi gune naturalak berreskuratzea.
Amurrioko herriei ere garrantzia eman nahi izan die EH Bilduk, eta horretarako proposatu dute haientzako diru-partida handitzea eta partida horren banaketa sistema berria ezartzea, besteak beste.
Kulturari dagokionez, tokiko artistei laguntzea eta antzokiko egitarauan ekoizpen propioak sartzea proposatu dute, kultura eta kirol inklusiboa eta eskuragarria izateko. Azpiegituretan ere hobekuntzak eskatu dituzte, esaterako, parkean gune babestua eraikitzea, komun publiko gehiago jartzea edota errepideak asfaltatzea.