EH Bilduk eskualdeko eragileekin partekatuko du Aiaraldeko suspertze sozioekonomikorako Ernaberri Plana ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko asmoarekin. Guztira, 30 eragile baino gehiagorekin harremanetan jarriko da eskualdeko bederatzi herrietan. Tokiko EH Bilduko hautetsi eta kideekin batera, Unai Fdez de Betoño legebiltzarkideak eta Ainhize Solaun eta Nerea Martinez batzarkideek parte hartuko dute bilera horietan. Abendurako amaitu nahi du EH Bilduk kontraste fase hori.
Pasa den uztailean aurkeztu zuen EH Bilduk Ernaberri plana. Orduan, eskualdeko suspertze sozioekonomikoa bultzatzeko zazpi traktore-proiektu jaso zituen. Ondoren, EH Bilduk beste hiru proiektu gehitu zizkion eta Ernaberri plana Eusko Jaurlaritzak Berpiztu Planaren esparruan prestatutako funtsei begira proposamenak egin zituen EH Bilduk. Eusko Jaurlaritzak onartutako 24 milioi euroen aurrean, EH Bilduk 27 milioi euroko inbertsioak proposatu ditu.
Aiaraldea sustatzeko zuzendaritza bateratu bat sortzea; altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzea; lurzoruak eta industria-eraikinak berreskuratzea; turismo jasangarria sustatzea; Nerbioiko parke lineala amaitzea; etxebizitzak birgaitzea eta hiri-guneak birsortzea; sukalde zentraleko sistema bat sortzea, Urduñan haragia transformatzeko zentro bat eta Laudioko hiltegia eguneratzea, mugikortasunaren elektrifikazioa eta kultura-sektorea bultzatzeko hainbat ekimen dira Ernaberrik jasotzen dituen proiektu horiek.