Albisteak

Errioxako Kontseilu Erregulatzailaren esku dagoen Arabar Errioxako marka berreskuratu dezaten eskatu die EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari


Duela 20 urte, Estatuan erabiltzeko Errioxako Kontseilu Erregulatzaileak Arabar Errioxako marka erroldatu zuen ardogintza eta elikagaiei lotutako produktuak merkaturatzeko eta orain Europara zabaldu du marka horren jabetza

| 2019-09-13 11:07:00

Errioxako Kontseilu Erregulatzailaren esku dagoen Arabar Errioxako marka berreskuratu dezaten eskatu die EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Logroñon du egoitza kontseiluak. Horrela eskatu dute gaur Kike Fdez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek eta Arabako Batzar Nagusietan zein Eusko Legebiltzarrean hainbat ekimen aurkeztu dute. “Azken hamarraldietan instituzioek erabateko utzikeria adierazi dute eta egoerari buelta emateko ez dute inolako ahaleginik egin; beste aldera begira egon dira eskualde bati bere izena lapurtzen zioten bitartean”, salatu dute Fdez de Piendok eta Lopez de Arroyabek.

 

Izan ere, duela 20 urte, Estatuan erabiltzeko Errioxako Kontseilu Erregulatzaileak Arabar Errioxako marka erroldatu zuen ardogintza eta elikagaiei lotutako produktuak merkaturatzeko. Baina duela bi urte haratago joan zen eta Europar Batasuneko Jabetza Inteleketualeko Bulegoan marka berdina erabiltzeko baimena eskatu zuen ardoa eta elikagaiak ezezik bestelako produktuak ere merkaturatzeko, besteak beste, poltsak, ontziak edo artelanak.

 

Soilik Arabako Errioxako Kuadrillak helegite bat aurkeztu zuen eskaera horren aurrean. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak aldiz, ez zuten inolako mugimendurik egin Arabako eskualde horren izena defendatzeko. “Arabako eskualde baten izena eta baina ez da bertako herritarren jabetza eta Arabako zein EAEko instituzioen utzikeriak Arabako Errioxako ardogintzan ez dutela ibilbide orri bat adierazten du eta, era berean, bertan bizi eta lan egiten duten herritarrei errespetu falta adierazten du”, nabarmendu dute Fdez de Pinedok eta Lopez de Arroyabek.