Diputazioak ez du argitu ze egutegi aurreikusten duten balizko aldaketa fiskalak onartzeko, ezta norekin adostuko dituzten ere
Ia urtebete beranduago aurkeztu dute agindutako erreforma fiskalaren ebaluazio txostena, PFEZ eta SZren bilakaeran zentratuta
Araba. 2024-01-18 | Gaur aurkeztu dute Arabako Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean 2017ko zerga-erreformaren ebaluazioa, ia urtebete bete denean Gobernuko alderdiek iragarri zutenetik zerga-erreforma egingo zutela.
Gobernuak aurkeztutako txostena sakontasunez aztertzearen zain, EH Bilduk egiaztatu egin du, esaterako, PFEZri dagokionez ez dela aztertu zergadunen errenta talde bakoitzean izandako eragina edota talde bakoitzak egindako esfortzu fiskala, edota Sozietateen Zergan zerga oinarri negatiboen konpentsazioa 30 urtez luzatu izanak diru-bilketan izandako ondorioak.
Egutegia eta norabidea
Bestaldetik, EH Bilduk kezkagarri deritzo inolako tramitazio egutegirik aurkeztu ez izanari. Eta, EAJ-PSE gobernuak gehiengorik ez duela aintzat hartuta, EH Bilduk jakin nahi du Gobernuak norekin adostu nahi duen erreforma fiskal berria: PPrekin, 2013an eta 2017an bezalaxe, edo ezkerretara begiratzeko prest dagoen, EH Bildurekin adostuta.
EH Bilduk gogora ekarri du egun Araban indarrean dagoen zerga-sistema 2017an adostu zutela EAJ eta PPren artean, eta geroztik ez dela funtsezko aldaketarik egin: «Krisiek eta egoera demografikoak hala behartuta, zerbitzu publikoak indartzeko unean gaude. Lurraldeak premiazkoa du zerga-erreforma, diru-bilketa bidezkoagoa, progresiboagoa eta integrala izan dadin».