Onartutako mozioan, udal-eskumenak errespetatzea, normalizazioan sakontzea eta euskararekiko atxikimendua eta adostasuna sustatzea eskatzen zaie Diputazioari eta Jaurlaritzari
Araba. 2023-11-16 | EH Bildu Araba batzarkide-taldearen ekimenez, euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatu dute Batzar Nagusiek. EH Bilduk aurkeztutako jatorrizko mozioari, EAJk egindako ekarpenak gehitu zaizkio, eta bi taldeek sinatutako mozioa adostua atera da aurrera. PSEk, PPk eta Voxek aurka bozkatu dute, eta Elkarrekin-Podemos abstenitu egin da.
Mozioan eskatzen da Toki Entitateen 2/2016 Legean udalerriei aitortzen zaien autonomia defendatzea, baita 179/2019 dekretutik indargabetu diren artikuluen legezkotasuna defendatzea ere.
Halaber, Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari eskatzen diete garatu ditzatela hemendik aurrera ere normalizazio- eta biziberritze-politikak, eta sakondu dezatela sektore publikoko erakundeek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharrezko duten babesean, eta euskararekiko atxikimendu eta adostasun zabalak sustatzen.
Azkenik, Arabako Batzar Nagusiek bat egiten dute 2023ko maiatzaren 10ean Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste hainbat eragilek egindako adierazpenarekin, eta irmoki salatzen dituzte azkenaldian modu nabarmenean ikusi diren hainbat sententzia, euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoak ere badirenak