AKTUALITATEA


| 2025-03-19 12:23:00

Lehen sektoreko eragileekin elkarlanean, Elikaduraren Kontseilua sortu beharko du Aldundiak estrategia diseinatzeko eta sektorearen etorkizuna bermatzeko

Araba. 2025-03-19 | EH Bilduren ekimenez, Arabako Estrategia Agroalimentarioa abiatu dezala eskatu diote gaur Batzar Nagusiek Diputazioari. Zehazki, lurraldeko sektoreko eragileekin lankidetzan, elikaduraren kontseilu bat abian jartzeko eskatu dute, non «sektorerako estrategiak eta ekimenak aztertu, koordinatu eta bultzatuko diren, etorkizunari aurre egiten laguntzeko».

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu batzarkide taldearen bozeramaileak adierazi duenez, gaurko ekimenari esker, «azkenean, neurri ausartak, berritzaileak eta eraginkorrak hartuko ditu Foru Aldundiak». Bozeramaileak nabarmendu du ez dela lehen aldia halako ekimen bat aurkezten dutena; izan ere, eskaera bera jasotzen duten mozioak aurkeztu zituen EH Bilduk 2016an, 2018an eta 2021ean, besteak beste.

«Lau urte igaro dira EH Bilduk Arabako Foru Aldundiaren konpromisoa eskatu zuenetik, lurraldeko produktuen ekoizpenari, eraldaketari eta merkaturatzeari dagokionez epe ertain eta laburrerako aurreikuspenik ez dagoelako. Egoera ez da hobetu, eta premiazkoa da neurriak modu koordinatuan jartzea, sektorearen egoera mantentzeko eta hobetzeko, mehatxu eta aukera berrien aurrean», esan du Lopez de Arroyabek.

Lopez de Arroyabek egin du sektorearen diagnostikoa: bere hitzetan, orain arteko erabakiek ez dute lehen sektorea biziberritzeko balio izan, beraz, «bada garaia erabaki ausartak, berritzaileak eta anbiziotsuak hartzeko, sektorearen duintasuna bermatzeko». Hala, Elikadura Kontseiluaren sorrera eta estrategia agroalimentario baten diseinuan ipini du gakoa bozermaileak.

EH Bilduren jatorrizko mozioak Diputazioari eskatzen zion sei hilabeteko epean estrategia agroalimentario bat sortzea, lehen sektoreari ahalbidetuko ziona elikagai osasungarriak ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzea modu duinean, eta horretarako, Elikaduraren Kontseilua sortzea, estrategia hori sektorearen eragileekin batera diseinatzeko. Horri gehitu zaizkio PPren eta Elkarrekin Podemosen ekarpenak, aholkularitza tekniko eta finantzarioa eskatuz eta Arabako foru-jantokietan tokiko elikagai osasungarriak eta bidezkoak sustatzea eskatuz. Mozioak EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP taldeen babesa jaso du. Gobernuko EAJ eta PSE taldeek ekimenaren aurka bozkatu dute.