AKTUALITATEA


| 2022-07-13 10:39:00

Araba | 2022-07-13. EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du gaurko Osoko Bilkuran, lehen sektoreko lan istripuak saihesteko. Mozioa adostu du Gobernuarekin eta oposizioko talde guztiekin, administrazio ezberdinei eskatzeko lan istripuak saihesteko neurriak har ditzaten, nekazaritza eta abeltzaintzako eragileekin elkarlanean.  

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren bozeramaileak gogora ekarri ditu azken hilabeteotan Euskal Herri osoan izandako lan istripuak, hala nola Delikan, Lapuebla de Labarkan, Garesen edota Bankan lan istripuz hildako langileak, eta nabarmendu du harrigarria dela nola urtez urte lan istripuek gora egiten duten, errua prekarietateari leporatuz: «Lan baldintzak gero eta okerragoak dira, lan istripu horiek prekarietatearen ondorioa dira».

Horregatik, aho batez adostutako mozioan Eusko Jaurlaritzari eta Osalani eskatu diote segurtasunari dagokionez Elikadura Katearen Legean ezarritakoa bete dezatela. Horrekin batera, Foru Aldundiari eskatu diote lan-ingurune seguruak susta ditzala, eta prebentzioan eta sentsibilizazioan egiten duen lana areagotu dezala.

Mozioaren laugarren puntuan, aipamen berezia egiten zaie sasoikako langileei eta migratzaileei, eta Foru Gobernuari eskatzen zaio kolektibo zaurgarri horretako lan-istripuak saihesteko lan egin dezala, lehen sektoreko eragileekiko elkarlanean.