AKTUALITATEA


| 2026-07-31 13:25:00

EH Bildu pozik agertu da Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Zierbena Solar planaren 19 proiektu behin betiko artxibatu dituelako, aurretik artxibatutako beste 3 proiektuekin eta Araba eta Bizkaia arteko ebakuazio-linearekin batera.

Solaria Eguzki Sorkuntza S.L.-k sustatutako makroproiektu honek ez zuen inolako logikarik eta Arabako herritarren artean erantzun handia sortu du, eta benetako arazo bihurtu da, premiazko eta beharrezkoa den, trantsizio energetikoaren inguruko eztabaida lasai bati ekiteko orduan gure lurraldean.

In extremis proiektua salbatzen saiatzeko enpresak auzibidera jo duen arren, EH Bilduk uste du Zierbena Solar proiektua ekuaziotik kentzea funtsezkoa dela eztabaida sozial eraikitzaileari ekiteko. Klima aldaketaren sintomak gero eta larriago direla ikusita, EH Bilduk ahaleginak bizkortzeko deia egiten du, modu ordenatu eta parte-hartzailean, karbonogabetzea, trantsizio energetikoa eta autosufizientzia konektatua lortzeko agertoki baterantz aurrera egiteko. Hori dela eta, gogorarazi nahi du helburu hori lortzeko ezinbestekoa izango dela gizartean eztabaida sakona bideratzea, eskala guztietan eta lurraldeari dagokionez modu orekatuan proiektu energetikoak garatzeko.

Eva Lopez de Arroyabe Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailearen hitzetan: “Gaur pozik jaso dugu Zierbena Solar proiektuaren artxiboa, 50 MW-eko 30 zentral fotovoltaiko inguru eta Zierbenarainoko tentsio oso altuko 100 kilometroko ebakuazio linea dituena. Enpresak hasitako bide judiziala ebazpenaren zain, hau oso albiste ona da Arabarentzat eta eragindako udalerrietako biztanleentzat, Solariako proiektu hau adibide argia bihurtu baitzen trantsizio energetikoaren arloan gauzak nola ez diren egin behar erakusteko eta eztabaida sozialerako oztopo izateko

Nolanahi ere, klima-aldaketaren ondorioz bizi dugun egoera kezkagarriaren aurrean, EH Bilduk berriro gogorarazi nahi du premiazkoa dela trantsizio energetiko bat bizkortzea, modu ordenatuan eta herritarren eta tokiko komunitateen parte-hartzearekin eredu berri bati ekiteko, eskala guztietako proiektu energetikoak garatzeko. Oso berandu gabiltza gai honetan eta ondorioak nabariak dira dagoeneko.” gehitu du Eva Lopez de Arroyabek.