AKTUALITATEA


| 2019-05-13 16:53:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok  azpimarratu du herrialdean mugikortasun jasangarria garraio publikoaren bidez helduko dela, Miranda eta Altsasu lotuko dituen tren soziala baten bidez. Horretarako, egungo trenbidearen modernizazioa planteatzen da –hirugarren haria jarriz- nazioarteko garraioa eta goi mailako prestaziotakoa ahalbideratzeko, hau da, tren azkarrak, garraioa eta tren soziala jasoko dituena.

“Ez dugu ezer asmatu, badugu mahai gainean azterketa bat eta horren arabera, plantatzen da hamar maiztasun gehiago ezartzea, eskaeraren araberako geltokiak egitea, bost geldiune berri sortzea, salneurria batzea eta txartel bakar bat egitea. Proiektu honen ezarpenak 25 milioiko aurrekontua du lehen fasean eta, ondorioz, bideragarria da ikuspuntu ekonomikotik eta sozialetik ere bai”, azaldu du Fdez de Pinedok.

Tren honek 130.000 lagunei eskainiko die zerbitzua eta agerian uzten du AHTren aurrean askoz bideragarriagoa dela. Abiadura Handiko plataforma beri horiek Madrilek inposatzen ditu baina EAJren Foru Gobernuak begi onez ikusten ditu.

Bestalde, Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko alkategaiak berretsi du bere konpromisoa udalerrian lehenbiziko galdeketa hiritarra egiteko, gobernatzeko aukeratzen badute. Hain zuzen ere, Larrionek herritarren esku utzi nahi du hiriko ekialdea eta mendebaldea, Salburua eta Zabalgana, lotu beharko dituen edukiera handiko garraio publiko sistemari buruzko erabakia. Mugikortasun jasangarria bezalako gai estrategiko batean ahotsa eman nahi zaie hiriko auzotarrei.

Hirian inoiz egin den lehen galdeketa hiritarra litzateke, eta izaera positiboa izango luke beti. Gasteiztarrek bi garraiobideren artean aukeratu beharko dute: Azkarbus autobus elektriko adimenduna edo tranbia. «Oraingo honetan, ez da Bai edo Ez esateko galdeketa izango, ez dago blokeo aukerarik, aurrera egiteko borondatea baizik. Bai edo Bai esateko galdeketa bat da», azaldu du alkategaiak.

Asmoa da galdeketari legezko berme guztiak ematea, «bi aukerek alde eta kontrako argudioak azal ditzaten, eztabaida sakon eta informatua egotea ahalbidetu, eta ezagutzarekin botoa eman dadin». EH Bilduk Azkarbus elektrikoaren aukera defendatuko du, baina bozketaren emaitzak bere egingo ditu, eta gasteiztarrek aukeratutako proiektuarekin aurrera egingo du.

Hiritarren parte-hartzearekin aurreko legealdian gertatu dena bereziki kezkagarria da. Udalak, EH Bilduren bultzadari esker, herritarren parte-hartzea sustatzeko araudi aurreratu bat onartu du. Hobetu daitekeena, baina aurreratua edonola ere. Hala ere, ez da galdeketa bat bera ere egin. «Urtaran eta bere gobernua pareta bat izan dira parte-hartzearen aurrean. Ez dute ulertzen parte-hartzea ez bada beraiei arrazoia emateko. Ez dute gustuko euren hiritarren iritzia, euren auzotarrena», nabarmendu du Larrionek.

EH Bilduren aburuz, beharrezkoa da erakundeen demokratizazioan sakontzea. Beldurra galdu behar zaio hiritarrei zuzenean eragiten dizkieten gaiei buruz galdetzeari. Bereziki, hiriaren etorkizuna baldintzatuko duten kontuak direnean. Araudiak berak jaso zuen, koalizioak eskatuta, gai estrategikoek eta 5 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusita dutenek lehentasuna edukitzea galdeketa hiritarrak planteatzerako orduan. EH Bilduk Gasteiz gobernatzen badu, legezko eperik laburrenean, galdeketa hiritar hau deitu erta antolatuko du.